Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak 72.600 euro gehiago bideratu ditu laguntzetara –urrian deituak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren Aginduaren bitartez–, 2022an nekazaritza eta elikaduraren arloko elkarte eta federazio profesional eta enpresarialen jarduera eta funtzionamendurako (Elkarteak programa). Horrela, finantzaketa horretarako zenbatekoa 308.000 eurotik gorakoa izango da.
Areagotze horren helburua da nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorerako bereziki zaila izan den urte honetan elkarte eskatzaile guztiei erantzun ahal izatea.
Elkarte edo federazio eskatzaile bakoitzari dagokion laguntza zehatza kalkulatzeko, hainbat aldagai hartu dira kontuan, hala nola: azoka profesionaletan parte hartzea, zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia orekatua izatea, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatutako jarduera eta ekimenetan izandako lankidetza-maila, aurkeztutako proiektuen interes teknikoa eta zientifikoa, eta lortutako emaitzek dagokion sektorea hobetzeko, garatzeko eta modernizatzeko izan ditzaketen abantailak.
Ordezkaritza-gastuak eta funtzionamendu-gastu arruntak lagundu ahal izango dira diruz, bai eta azterlan eta jarduera esperimentalak egiteko gastuak eta 2022an egindako azoken eta jardunaldien antolaketa-gastuak ere.