Espainia Berdeak Europan eta Amerikan egindako ekintzen balantzea egin du

0
PRUEBA

Oviedok Espainia Berdearen urteko azken bilera hartu du gaur goizean. Lurralde-marka horren bidez Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskal Autonomia Erkidegoa elkarlanean ari dira Kantauri itsasoko ertza atzerrian kokatzeko. Asturiasko Turismoko sailburuorde Graciela Blanco topaketaren buru zela—2022an markaren koordinatzaile zen aldetik, lau erkidegoetako ordezkari instituzional eta teknikoek Europako eta Amerikako hainbat merkatutan aurten egindako lanaren balantzea egin dute.

Ekitaldi honetako proiektu nagusia Espainia Berdeko Ekoturismo Korridorearen diseinua izan da, 2023an ‘Experiencias Turismo España’ programari esker martxan jarriko den Europako ekimen aitzindaria. Programa hori Next Generation EU funtsen barruan jasota dago, eta proiektuaren inbertsio osoaren % 98 jarriko du, 954.073 euro gutxi gorabehera.

Gainera, markak ‘España Verde, el espíritu del norte’ markaren plan estrategikoaren bigarren fasean lan egin du. Hala, Alemaniako, Frantziako, Herbehereetako, Erresuma Batuko eta Italiako egunkari, aldizkari, gehigarri eta hedabide digitaletan kanpainak egin ditu, eta sare sozialetan bere estrategia areagotu du. Horrela, Lonely Planet, Le Parisien eta Daily Mail hedabideetan, besteak beste, argitaratutako erreportajeak lagungarri izan dira Kantauriko erkidegoen balioak eta baliabide bisitagarriak sustatzeko.

Baliabide horiek aurki daitezke, halaber, ‘La gran ruta España Verde’ proiektuan, ibilbidea Kantauri itsasoko ertza bigarren mailako errepideetan barrena zeharkatzeko diseinatu baita. Ekoturismoa, surfa eta Done Jakue bidea izan dira gehien landu diren produktuak aurten. Horrez gain, distantzia luzeko merkatuetako bidaia-agentziekin eta hedabideekin ere lan egin da, hala nola Brasilgoekin eta Estatu Batuetakoekin.

Turismoko sailburuordeak balantze positiboa egin du aurreikusitako 400.000 euroko inbertsioa gainditu duen planaren inguruan: Aurrekontuak ondo gauzatzeak agerian uzten du lau erkidegook hartu dugun konpromisoa eta nazioarteko turista ‘iparraldeko espirituarekin’ liluratuko duen baterako sustapenaren aldeko gure apustu irmoa”.

Espainia Berdea

Espainia Berdea 1989an Galiziak, Asturiasko Printzerriak, Kantabriak eta Euskal Autonomia Erkidegoak Turespaña erakundearen laguntzarekin abiarazitako lurralde-marka da. Haren helburua da Kantauri itsasoko ertza helmuga turistiko alternatibo gisa kokatzea nazioarteko merkatuan, haren marka-irudia indartuz eta helmuga bakar gisa sustatuz.Espainia Berdea lider nazionala da naturaren arloan: UNESCOren 14 Biosfera Erreserba, 25 parke natural, ia 2.000 kilometroko kostaldea eta 2.800 landa-ostatu ditu.