Datozen hilabeteetan BAICeko Bazkidearen Bulegoak sarrera emango die bazkide berrie
Abenduaren 21ean, BAIC–Basque Artificial Intelligence Center-eko Zuzendaritza Batzordeak zortzi bazkide berriren sarrera onartu zuen, eta dagoeneko Adimen Artifizialaren euskal ekosistemako parte dira zortziak. Hauexek dira: Aratubo, Fagor Arrasate, Tekniker Fundazioa, Ideko, Ikerlan, Mondragon Goi Eskola, Ulma Medical Technologies eta Deustuko Unibertsitatea.
Zortzi erakunde horiek (enpresak, teknologia-zentroak, ezagutza-zentroak eta prestakuntza-zentroak) gehitu egin zaizkie 2021eko uztailean BAIC martxan jarri zuten bazkide fundatzaileei (Basque Center for Applied Mathematics – BCAM, CAF, Deusto Seidor, Euskaltel, Gestamp, Hupi Ibérica, Iberdrola, Inzu Group, ITP Aero, Mondragon Korporazioa, Petronor, Sener, SPRI, Tecnalia, Versia eta Vicomtech).
Lehen bazkide berri horien sarrerak BAICen helburuetako bati erantzuten dio, Laura Marrón zuzendari nagusiak gogoratu duen bezala: “Euskadi Adimen Artifizialaren munduan posizionatu ahal izateko, lehen urratsa da ekosistema bat eraikitzea, zeinetan BAIC izango baita AA arloko eragile guztien topagune eta erreferentzia. Ekosistema horrek baliagarri izan behar du elkarrekin harremanetan jartzeko eskatzaileak, garatzaileak, teknologia-zentroak, ezagutzako eragileak eta administrazio publikoak, eta baita ere elkarren arteko sinergiak bultzatzeko”.
BAICen epe labur-ertaineko helburuetako bat da egoeraren txosten bat egitea eta adierazleak biltzea, posible izan dadin Euskadiren AA arloko agenteak eta gaitasunak ezagutu, behatu, identifikatu, garatu eta balioan jartzea. Gainera, BAIC lanean ari da Estatuko eta Europako AA arloko eragile garrantzitsuenak identifikatzeko, eta bere asmoa da nazioarteko sareetan erreferente izatea, aktiboki parte hartzeko Adimen Artifizialeko prozesuekin eta datuaren estrategiarekin lotutako araudiak definitzeko eta estandarizatzeko prozesuetan.
Zehazki, datuaren estrategiari dagokionez, BAICen helburua da balioa ematea datuei, giltzarriak baitira adimen artifizialeko teknologien ikaskuntzarako; horrela, kalitatezko datuak lortu ahal izango dira industria bultzatzeko eta negozio-eredu berriak identifikatzeko. Horri esker posible izango da “erabilpen-kasu industrial berriak garatzea eta ikusgarritasuna ematea gure ekosistemako eragileen AA arloko gaitasunei, lankidetza-proiektuak identifikatuz aplikazio berriak sortzeko” azpimarratu du BAICeko zuzendari nagusiak.
Beste helburu bat da Adimen Artifizialaren inguruko prestakuntza bultzatzea. Laura Marrónek hauxe ekarri du gogora: “Talentua bultzatzen eta sustatzen dugu, prestakuntzako ibilbideak ebaluatu eta osatzen ditugu, eta baita ere lanean ari gara talentua sortu, atxiki eta Euskadira erakartzeko”. Horrezaz gain, dibulgazioa eta ikusgarritasuna sustatzen dute, Euskadi erreferente izan dadin Adimen Artifizialaren munduan.
Datozen hilabeteetan BAICeko Bazkidearen Bulegoak sarrera emango die bazkide berriei. Basque Artificial Intelligence Center-eko parte izan nahi duen edozein enpresa edo erakundek aski du helbide honetan aurkituko duen onarpen-inprimakia betetzea: https://www.baic.eus/es/#asociate