Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez gaurko bileran onartu du, Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko Programa aplikatzen den zentroez bestelakoetan egonaldiak egiteko dirulaguntzak deitzen dituen agindua. Deialdi honek 465.000 euroko diru-kopurua du, aurreko urteko deialdian baino 290.000 euro gehiago.
Gorago aipaturiko Doktoretza-aurreko Programaren onuradun diren ikertzaileei zuzendua da. Ikertzaile hauek lan-kontratu bidezko harremana dute ikerketa zentroekin (unibertsitate edo ikerketa erakundeak, I+G+b-n ahalmen eta jarduera ezaguna dutenak). Ikerketa zentro horiek Doktoretza-aurreko programarako aplikazio-zentrotzat hartzen dira. Hala ere, maiz, doktoretza-aurreko ikertzaileek aplikazio-zentroa ez den beste zentro batean egin ohi dituzte unean-uneko egonaldiak, euren ikerketa-lanak hala eskatuta. Doktoretza-aurreko ikerketa-prestakuntza indartzea eta egiten ari diren ikerketaren nazioartekotzea bultzatzea da helburua.
Horrela bada, Hezkuntza Sailak dirulaguntza deialdi hau irekitzen du, lekualdatzeak edo aldi baterako egoitza-aldaketak egin behar izaten dituzten doktoretza-aurreko ikertzaile horiei osagarri ekonomikoak eskaintzeko helburuz. Egonaldiak unibertsitateetan, ikerketa edo garapen teknologikoko zentroetan eta I + G +b-ko jarduera duten enpresetan egin ahal izango dira, atzerrian zein Estatuan, betiere aplikazio-zentroarena ez den beste herri batean kokatuta badaude eta dirulaguntza ematea justifikatuko duen aldi baterako egoitza-aldaketa badakar.
Laguntzak bi modalitatetan ematen dira:
-
- A modalitatea: 2022-2023 ikasturteko doktoratu aurreko programako laguntza berritzen duten ikertzaileen mugikortasunerako. 418.000 euroko diru kopurua du.
-
- B modalitatea: programa horretako laguntza berri baten onuradun diren ikertzaileen mugikortasunerako. 47.000 euroko zuzkidura du.
Egonaldi hauek 2023an hasi beharko dira, eta harrera egingo duen erakundearen aldi akademikoarekin eta ohiko jarduerarekin bat etorri beharko dute. Laguntza 4 eta 6 hilabete bitarteko egonaldi bakar bat egiteko emango da, zentro bakar batean eta modu jarraituan.
2022an, doktoretza-aurreko 59 ikertzaile izan dira laguntza hauen onuradun iazko deialdiaren bidez, eta horrela, aldi bateko egonaldiak egin ahal izan dituzte euren aplikazio zentroa ez den beste zentroren batean.
Egonaldien helburua izango da ikertzaileek beren ikerketa zientifiko eta teknikoan izan beharreko prestakuntza hobetzea, ikerketa-jarduerak burutuz, ikerketa-proiektuari aplikatzeko teknika berriak ikasiz, edo gauzatzen ari den tesi-proiektuaren testuinguruan, prestakuntza zientifikoaren mesedetan izango den eta tesia garatzeko prozesua sustatuko duen beste edozein ikerketa-jarduera garatuz.