200.000 euro kongresuak eta zientzia bilerak egiteko laguntzatan

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du ikerketa zientifikoen arloko kongresu eta bilerak antolatzeko dirulaguntzak ematen dituen agindua. Kongresu eta bilera horiek, izan aurrez aurrekoak zein telematikoak, 2023ko lehen seihilekoan burutu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoan. Deialdi honek 200.000 euroko diru-kopurua du.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente egiaztatuak, haien kategoria edozein dela ere.

Dirulaguntza hauek, honako gastu arrunt hauek ordaintzeko erabili beharko dituzte: kongresu edo bileraren antolamendua eta zabalkunde gastuak, hizlari gonbidatuen parte-hartze gastuak, ikertzaile gazteen partaidetza errazteko gastuak edo, kongresuen kasuan, ekarpen zientifikorik onenari eman ohi zaion saria, beste hainbat gasturen artean. Jardunaldiok 2023ko urtarrilaren 1a eta ekainaren 30 artean burutu beharko dira.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira, bereziki prestakuntzakoak diren ikastaroak eta jarduerak, hala nola irakaskuntzako eta ikaskuntzako trebakuntzarako prestakuntza-jardunaldiak, tailerrak edo mintegiak, besteak beste.

Laguntzen deialdi honek aukera ematen du modu birtualean edo on-line egiten diren kongresu eta bilera zientifikoak finantzatzeko.