Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak, Euskadiko Garraio Agintaritzaren barruan, gaur iragarri die gai horretan eskumenak dituzten udalei eta aldundiei Eusko Jaurlaritzak berriro ere laguntza emango diela tokiko administrazioei Euskadiko garraio publikoaren hobariak finantzatzeko, 2022ko azken lauhileko honetako deskontuen lehen fasearen ondoren. Garraioen arduradun nagusiak baieztatu duenez, Eusko Jaurlaritzak luzatu egingo die bere laguntza % 50eko deskontuak mantentzen dituzten udalei eta aldundiei.
Laguntza hori Garraioen, Mugikortasunaren eta Hiri Agendaren Ministerioak iragarritakoari gehitzen zaio. Ministerioak % 30eko zuzeneko laguntza-sistemari eutsiko dio garraio-abonuen prezioa % 50 murrizteko konpromisoa hartzen dutenentzat. Eusko Jaurlaritzak, 2022an egiten ari den bezala, kostuaren % 10 hartuko du bere gain, eta hobariarekin jarraitzearen alde egiten duten gainerako operadoreek funts propioekin ordaindu beharko dute gainerako % 10a.
Neurriaren kostua 12 milioi euro ingurukoa izango da urteko lehen sei hilabeteetarako.
Arriola deskontuak mantentzearen alde agertu da; izan ere, hobarien lehen lau hilabeteak (irailaren 1ean hasi ziren) “oso positiboak izan dira: beherapenek lagundu egin diete langileei eta familiei testuinguru oso espezifiko baten inpaktu ekonomikoa arintzen, prezioak gorantz doazelako eta, aldi berean, garraio publikoaren erabilera bultzatu dute”. Euskotrenen mendeko garraioetan soilik, irailaren 1etik azaroaren amaierara bitartean, % 12koa izan da gehikuntza.
Testuingurua berriro aztertuko da urteko lehen seihilekoa amaitzean, neurri hori eragin duten baldintzek bere horretan jarraitzen duten ebaluatzeko, Eusko Legebiltzarrak onartu zuen bezala.
Sailburuak balioan jarri du euskal operadoreek deskontuak 2023ra zabaltzeko agertu duten prestasuna, eta babestu egin du neurria Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren eta Arabako eta Bizkaiko operadoreen baitan. “Ekimen honen bidez, pertsonek lurralde osoan mugitzeko duten eskubidea bermatzen dugu, garraio publikoaren sarerako sarbidea erraztuz, prezio oso merkeekin. Herritar guztiekin hartzen dugun konpromisoa da, deskontuak Euskadi osoan modu koordinatu batean egiten jarraitzearren. Horrela, onura orokorra izango da eta denengana iritsiko da, erabiltzen duten garraio mota eta bizi diren Euskadiko lekua edozein izanda ere”.