Desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako udal lanpostuak

0
PRUEBA

Desgaitasun intelektuala duten pertsonak plantillan integratzearen aldeko apustu irmoa eginez, Donostiako Udalak langile plaza biren deialdia egingo du, bereziki kolektibo horrentzat. Txanda irekiaren bidez deituko dira, baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiei irekita. Era berean, lan-poltsa bat sortuko da plaza atera ez baina ariketak gainditzen dituztenekin.

Gai-zerrendak eta dokumentazio egokitua

Halaber, Udalak lehen aldiz egokitu du beharrezko dokumentazioa, parte hartzen duten pertsonek errazago izan dezaten oposizioa prestatzeko aukera.

Deialdia prestatzeko ezinbesteko materiala esteka honetan dago eskuragarri. Lotura honetara Udalaren webgunetik ere sartu daiteke, «Lan Eskaintzak» atalaren bidez.

Hauek dira material honek biltzen dituzten atalak: hamar gairen gai-zerrenda egokitua, deialdiaren oinarriak erraz irakurtzeko laburpena, azterketa planifikatzeko egutegia eta estresa maneiatzeko gomendioak. Material horiek guztiak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu dira, eta desgaitasun intelektuala duten pertsonekin lan egiten duten hainbat erakunderen laguntzarekin prestatu dira.

Deialdia gainditzen duten pertsonek beren lanpostuan bete beharko dituzten eginkizunetako batzuk honako hauek dira: erosketa-biltegiari laguntzea eta arreta ematea, sail ezberdinek eta biltegiko erabiltzaileek eskatutako materialak entregatzea, materialen sarrera eta irteera kontrolatzea, eta materialak biltegian jartzea.

Eskabideak aurkeztea

Prozesuan parte hartzeko ez da titulaziorik eskatzen, baina ezinbestekoa da % 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa aitortuta izatea desgaitasun intelektualagatik, modu esklusiboan edo prebalentean.

Oraindik ez dago zabalik eskabideak aurkezteko eta deialdian izena emateko epea, baina ireki bezain laster Udalaren web orriko «Lan-eskaintzak» atalean argitaratuko da.

Lanpostuak esleitzen diren unean, udal-organo eskudunak ebazpen bat emango du, eta, horren bidez, langileen lan-poltsa bat eratuko da, oposizio-faseko ariketa baztertzaile guztiak gainditu dituzten pertsonen zerrendarekin, baldin eta deitutako plaza-kopurua gainditzen badute eta ez badira izendatzen.

Poltsa hau etorkizuneko aldi baterako estalduretarako oinarria izango da. Lan-poltsa honen lehentasun-hurrenkera oposizioan dauden izengaiek lortutako puntuazio-ordenaren araberakoa izango da.