Saregileen, neskatilen eta paketatzaileen lanbideak ordezkatzen dituzten hogeita hamar bat emakumek, Euskadiko arrantzaleen kofradietako kudeaketan dabiltzanak eta jarduera osagarriak egiten dituzten emakumeak Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin topaketa egin dute Getariako Kofradian, eta euren kezka, erronkak eta lan egoera partekatzeko aukera izan dute.
Eusko Jaurlaritzak eta arrantza-sektoreko emakumeek, aldi berean, itsasoak emakumeei eskaintzen dizkien aukera berriak eta Diputatuen Kontseiluak onartutako Arrantza Lege berriaren berritasunak aztertu dituzte. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordearekin eta Leandro Azkue Arrantza eta Akuikulturako zuzendariarekin batera, sektoreko egungo arazoak zuzenean entzun ahal izan dituzte.
2012an eta 2014an emakumeek arrantza-sektorean gaitasun profesionalak lortu ostean (saregileak, neskatilak eta enpakatzaileak), eta Itsas Emakume Langileen Federazioan sartu ondoren, gaur egun kolektibo horren aldarrikapenik garrantzitsuenetako bat da koefiziente murriztailea (0,15) aplikatzea. Aurreikusten da 2023ko apirilean aplikatuko dela, Arrantza Jasangarriaren eta Arrantza Ikerketaren Lege berriaren esparruan (duela gutxi onartu da Diputatuen Kongresuan).
Gaur egun, 70 emakume inguruk osatzen dute Itsas Emakumeen Langileen Federazioa eta hogei emakumek kudeaketa-lanak betetzen dituzte Euskadiko kofradietan, baita jarduera osagarriak ere.
Sektorearen aukera berriak
Saregileak, paketatzaileak eta neskatilak ezinbesteko lanbide izaten jarraitzen dute gaur egun arrantzaren sektorerako, baina lehorreko lanen profesionalizazioak eta kofradien eta sektoreko enpresen modernizazioak lan-aukera berriak irekitzen dituzte.
Arrantzaren sektoreak garai berrietara egokitzen jakin du, eta itsasoko lanak teknologia berrietan gero eta gehiago oinarritzen diren bezala, lehorreko lanak ere aukera profesional berriak eskaintzen dituzte.
Kofradiek atzean utzi dituzte herritarren imajinarioan mantentzen diren irudi kostunbristak, sektorean erreferente diren enpresa lehiakorrei bide emanez.
Saregileak
Emakume gehien dituen sektorea da. Haien presentzia desberdina eta berezitua da Euskal Autonomia Erkidegoko portuetan. Bizkaian, Bermeo, Lekeitio eta Ondarroako portuetan dauden ezarrita, eta Gipuzkoan, berriz, Getaria, Orio eta Hondarribiko portuetan.
Ehunka urte dituen eskulangintzako lanbidea da, non emakumeek arrantzarako tresneria eta aparailuak egin eta zaintzen dituzten. Lana agerian egiten dute, gure kostaldeko portu askotan. Saregileek funtsezko lana egiten dute arrantza‑ontziek arrantzan egiteko behar duten antolaketa-prozesuan.
Lanbide hori Kantauriko komunitateen tradizio soziokulturalaren erakusgarri bizia eta erakargarri turistiko ukaezina da. Saregileen lan-egoerak, lan‑baldintzek edo jarduera gogorraren berezko lan-gaixotasunek bidea egiteke dute oraindik, legeztatuak eta aitortuak izateko.
Neskatilak, itsasoko emakumeak
Langile hauek ez dira saregileak bezain ugariak eta ezagunak. Batez ere Bermeoko portu bizkaitarrean egiten dute lan, eta neurri txikiagoan Lekeitiokoan eta Ondarroakoan. Gipuzkoan ez dago figura hori, ezta antzekorik ere.
Neskatilak marinelen familiakoak izan ohi dira, emazteak, alabak edo arrebak, eta itsasontziei harrera egiten diete portura heltzen direnean. Haiek dira itsasontzia deskargatzen dutenak, merkantzia saltzera eraman eta saltzen dutenak, eta haiek dira, halaber, arrantza-ontziak arrantzaleek itsasora ateratzeko eta itsaso zabalean bizitzeko behar dituzten janariez eta gainerakoez hornitzen dituztenak.
Itsasontzi bakoitzak neskatila bat edo bi izan ohi ditu, eta horiek Itsasoaren Erregimen Berezian kotizatzen dute autonomo gisa.
Bai saregileek bai neskatilek baxurako flotarako egiten dute lan, hau da, artisautzako ontzietarako (arrantza-tresna txikikoa) eta azaleko ontzietarako (inguraketa, beita bizia eta xaxian).
Lehenengoa ontzi ugarik osatzen dute, eta nagusiki Bizkaiko kostaldeko portuetan dute basea, zehazki, Bermeokoan.
Enpakatzaileak, itsasoko emakumeak
Enpakatzaileek Ondarroako portuan egiten dute lan, freskotarako alturako arrantza-ontzietarako. Beraien lana arrantza-ontzietatik edo euskal arrantza‑ontzietatik datozen kamioetatik deskargatzen diren arrain-kutxak pisatu, sailkatu eta antolatzean datza, enpresen lonjetan enkantean atera baino lehen.
Freskotarako alturako arrantzaren azpisektorea alturako arrantza-ontzien, altura handikoen eta 100 TRB baino gehiagoko tretzaontzien erroldako ontziek osatuta dago, eta NEAFCko uretan dihardute, arrantza-toki komunitarioetan, alegia.
Hondoko arrasteko ontziak dira, baita tretzaontziak ere. Aldaketa-prozesuan dagoen azpisektorea da; izan ere, mugapenak dituzte arrantza-tokira iristeko eta beraien espezie nagusiak harrapatzeko kuotetan. Azpisektorearen egoera bereziki baldintzatzen duten faktoreetako beste bat da arrantza-produktuen nazioarteko merkatuetako liberalizazioa, inportazioak handitzea baitakar eta arrainen prezioak geldi edo baxu mantentzen baititu.
Azpisektore hori Ondarroako portu bizkaitarrean kokatzen da nagusiki.