Txaparreneko Skate park-a Arrobitxuloko kirol-eremu berrian kokatuko da

0
PRUEBA

Donostiako Udalak Txaparreneko kirol-eremuan dagoen skate park-a kentzeko lanak hasi ditu. Instalazioa Txaparrene pasealekuaren tunelaren beste aldean dagoen Arrobitxuloko kirol-eremu berrian kokatuko da.

Kiroletako zinegotzi Martin Ibabek azaldu du, leku-aldaketaren arrazoiak bi direla: “Lehena, instalazioa zaharkituta zegoelako, eta kirol mota honek dituen hainbat disziplina ezin zirelako praktikatu; eta bigarrena, Udalaren zaraten gaineko ordenantzarekin ez zuelako betetzen, izan ere, baimendutako dezibelioak gainditzen zituen”.

Trenbidearen bestaldean dauden etxebizitzetako hainbat bizilagun kexu agertu izan dira instalazioak sortzen zituen zaratak zirela-eta. Hortaz, Udalak duela hilabete batzuk heldu zion gaiari. Ekitaldeko Barrutiak konpromisoa hartu zuen zaraten aurkako pantailak jartzeko, baina Udalak berak egindako neurketek ondorioztatu zuten ez zela konponbiderik egokiena.

Horiek horrela, Ibabek honakoa esan du: “Hainbat bilera egin ditugu inguruko bizilagunekin, baita skate-a egiten duten hainbat erabiltzailerekin, eta instalazioa Ekialdeko Barrutiaren beste kokapen batetan jartzeko erabakia hartu dugu”.

Udalak hainbat kokapen aztertu du – zazpi guztira – eta ikusi du onena Arrobitxuloko eremua dela. Beraz, bertan kokatuko da instalazio moderno eta hainbat disziplina praktikatzeko balioko duena. Ildo beretik, azpimarratu behar da hurrengo asteetan Pump track bizikletentzako zirkuitu berriaren lanak hasiko direla, egun parkearen albo batean dagoena ordezkatzeko.

Proiektua martxan

Udala skate instalazio berria Arrobitxulon kokatzeko proiektua egiten ari da. Egun, Arrobitxulon parkea, aisialdi-eremua, Bolatokia, petanka-pista, rokodromoa, adineko pertsonentzako gimnasia-tresnak daude; inguruan hainbat kirol egiteko pista bat eta futboley zelai bat dago; eta laster Pump track eremu berria egongo da.

Aurreikusita dago aurten proiektua idaztea eta onartzea, eta 2024ean lanak egitea.