Egungo Euskal Literatura eta Futbola II libururen aurkezpena

0
PRUEBA

2020an LAIDA  Ikerketa Taldeko partaideek Euskal Literatura eta Futbola liburua aurkeztu zuten. Hiru urte beranduago, Egungo Euskal Literatura eta Futbola II  argitaratu dute. Lehenengo liburuaren moduan hiru atal nagusitan banandua dator: Ikerketa, Irakurketa eta Sorkuntza atalek osatu dute lana.

Liburu honetan, futbolari buruzko ipuingintza, saiakera, haur eta gazte literatura eta komikia hartu dira hizpide. Euskal Literaturaren Ipuingintza aztertu du Jon Kortazar irakasleak, eta lanean Koldo Izagirre zein Katixa Agirreren ipuinak aztertu dira, Harkaitz Cano eta Aritz Gorrotxategiren lanak aipatu direlarik. Futbol eta literatura alorrean munduan ezaguna den David García Camesek Iribarren mitologizazio prozesua aztertu du saiakera bi ikertuz. Haur eta gazte Literaturan futbolak duen presentzia aipatu dute gaian adituak diren Karla  Fernández de Gamboak eta Xabier Etxanizek. Genero Kritikaren bideak erabiliz Maskulinitate berriak aztertu ditu futbolari buruzko komikian Jose Antonio Morlesín Melladok.

Irakurketa atalean, gai berri bi aurkeztu ditu liburuak. Irakurketaren sustapenean aditua den Miren Billelabeitiak futbol jokalariek zer, zergatik eta nola irakurtzen duten aztertu du.  Athletic, Reala, Eibar, Amorebieta… Lehen eta Bigarren Mailako taldeko zenbait gizonezkori eta emakumeri,  zenbait jokalariri galdetegia luzatu die eta erantzunak aztertu. Jakina zen bazirela irakurleak jokalarien artean, baina haien irakurketa ohiturak lehen aldiz aztertu dira.

Antzeko bidetik Mari Mar Boillosek bere lanean Athletic Club taldeak bultzatzen duen “Letrak eta Futbola” ekimenaren azterketa sakona aurkeztu du. Irakurketa indartzeko helburua duen ospakizun horren eragile den Galder Reguerarekin izan duen elkarrizketa eman du argitara, bere nondik norakoak eta erroak azalduz.

Sorkuntza atalean ipuin bi argitaratu dira. Orain gutxi joan zitzaigun Almudena Grandes idazle handiaren futbolari buruzko ipuin bat itzuli da euskarara. Idazle madrildarren lehen itzulpena da euskaraz. Harkaitz Canok ipuin bihurtu du bere Twist nobelako pasarte bat, futbolagatik duen zaletasunaren testigu.

LAIDA ikerketa taldea

LAIDA Taldeak kultura eta literatura eta bien arteko eraginak ikertzen ditu. Lanak eta ikerketak Literaturaren Soziologiatik Kultura Ikerketetaraino doaz.

Literatura-genero nagusiek euskal hizkuntzan izandako garapena aztertu zuen LAIDA Taldeak lehenago, eta orain gaikako generoetan ezarriko du arreta, euskal literaturan bultzada eta berritasuna ekarri baitute: nobela beltza edo polizia-nobela, euskal literaturaren eta futbolaren arteko harremana, albuma adierazpen literario eta artistiko gisa, batik bat haur literaturan nagusi dena, hala euskal eremuan nola hemendik kanpora.

Euskal literatura-sisteman izandako kokapen-aldaketak aztertuko ditu LAIDA Taldeak, garapenaren kontaketa kronologikoa eginez. Kultura Ikerketen bidez literatura-lan horietako gizarte-identitateak aztertuko dira. Egungo Euskal Literaturaren Historia osatzen duten zortzi tomoetan erabilitako estrategia berbera erabiliko da: sarrera historiko eta kronologiko bat, aukeratutako generoa edo gaia nola garatu den ikusteko, eta sisteman eredugarri bihurtu diren literatura-lanen azterketa zehatzak. Lehen zatian Polisistemen analisian oiharrituriko metodologia erabiliko da, eta bigarrena Narratologian nahiz Kultura Ikerketetan oinarrituko da.