Lehendakariak lanaren eta antolaketaren kultura berri baten alde egin du, baita enpresa kontzeptu berri baten alde ere, enpresa proiektu komuna dela ulertuta. Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiarekin batera, Iñigo Urkulluk FABRIKA-Enpresen Kultur Eraldaketarako Errendimendu Handiko Zentroaren inaugurazioan parte hartu du gaur goizean, Donostian. ADEGIk bultzatu du zentro hori.
Lehendakariak, hitzaldian, eskerrak eman dizkie arduradunei, munduan aitzindaria den zentro hori martxan jartzeagatik, izan ere eraldaketa barrutik bultzatzen du zentro horrek enpresa eta gizartea hobetzen aurrera egiteko asmoz.
Era berean, adierazi du zentro berriak ongarritutako eremuan hasiko duela bere bidea, berrikuntza, arriskua, prestakuntza edo lankidetza gure enpresa»kulturaren parte direlako, eta, ildo horretan, adierazi du Euskadik esperientzia, ibilbidea eta tresnak dituela eraldaketaren kultura hori bultzatzen jarraitzeko. Adibide gisa, hauxek aipatu ditu: Prestakuntza Duala, «Unibertsitatea gehi enpresa» proiektua; enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programak; berrikuntzako inbertsioa; eta ekintzailetzaren sustapena.
Hitzaldiaren beste une batean, Lehendakariak berretsi egin du elkarrekin lanean jarraitzeko borondatea dagoela lehiakortasuna hobetzeko, prestakuntza eta enpresa hurbiltzeko, kalitate handiagoko enplegu-aukerak sortzeko eta gizarte aurreratuagoa eta bidezkoagoa eraikitzen jarraitzeko.
“Jaurlaritzak eta euskal erakundeek helburu horiek egia bihurtzen lagunduko dugu. Fabrika-ren ideia berak aplikatuko ditugu horretarako: konfiantza, parte»hartzea, talde-lana eta lankidetza” esan du amaitzeko.