BIND 4.0 SME Connection ekimenaren onurak AA arloko Kevo Technologies startuparentzat: “Hazi egin gara eta lankidetzan aritu gara enpresa handiekin”

0

Adimen Artifizialean eta Mintzamenaren eta Hizkuntzaren Teknologietan espezializatutako Kevo Technologies startup gipuzkoarrak BIND 4.0 SME Connection ekimenaren lehen edizioan parte hartu zuen, zeinak helburutzat zeukan teknologia berriak garatzea elkarlanean arituz Euskadiko industria arloko ETEekin. Programa horri esker aukera izan zuten mantenimenduko operatibaren eraldaketa digitalerako proiektu berritzaile bat sortzeko tentsio altuko instalazio elektrikoen muntaia eta mantenimenduan espezializatutako Eldu enpresarekin batera. Proiektu hori da, hain zuzen, BIND 4.0 SME Connection ekimenaren lehen edizioan garatu diren 15 proiektuetako bat.

Azken edizioan 80tik gora startupek eskatu zuten programan parte hartzea 131 proiekturekin, eta orain BIND 4.0 SME Connection ekimenaren bigarren deialdia ireki da ETEek hainbat arlotan (makina-erreminta, energia, ingurumena, elikadura, diseinua eta ekipamendua eta eraikuntza) dituzten erronka teknologikoei erantzuteko proiektu teknologikoak aurkeztu nahi dituzten startup guztientzat.

Hazi eta erreferentziazko enpresekin kolaboratu

Kevo Technologies enpresak BIND 4.0 SME Connection ekimenean parte hartu zuenetik urtebete igaro ondoren, nabaritu dituzten onuren balantzea egin du Javier Manzano zuzendari nagusiak.  Izan ere, parte-hartze hori erabakigarria izan da Kevo Technologies-entzat urtea emaitza onekin eta aurreikuspen itxaropentsuekin amaitzeko. “Lantaldea handitu dugu eta Estatu mailako enpresa garrantzitsuekin kolaboratu dugu, hala nola ELDU, Eroski Bellota Herramientas, Goizper edo BCC. Gainera, hainbat proiektu garatu ditugu gizarte ekintzako antolakundeekin” azaldu du Javierrek.

Programarako aukeratua izan ondoren, Kevo Technologies-ek tresna berri bat garatu zuen Eldu-rekin, gai dena eraldaketa-zentroak edo/eta azpiestazioak osatzen dituzten elementuen –etengailu, sekzionagailu, eraldagailu eta kontrol ekipoen– parametroak behar bezala bildu eta erregistratzen laguntzeko; bide horretatik, posible da sakonki aztertzea instalazioak, adibidez oinarrizko materialak, prozesu eta makina guztiak modu egokian gainbegiratzeko.  “Teknologia oso konkretua da, apurka-apurka ingurune industrialetara inguratzen ari dena”,  esan du Manzanok. “Proiektuaren alderdi berritzaileena da mintzamenaren eta hizkuntzaren teknologiak eta Adimen Artifiziala baliatzen ditugula audioa denbora errealean prozesatzeko zarata dagoen inguruneetan, horrela erabiltzaileen esperientzia hobetuz”, gaineratu du.

Hazkundea eta proiekzioa 

Startup parte-hartzaileentzat “BIND 4.0 SME Connection” ate bat da merkaturako sarbidea izateko azkar eta fakturazio errealarekin eta, gainera, aukera ematen die euren konponbideak garatzeko eta sektoreko erronka berriei erantzuteko teknologia disruptiboekin. Zalantzarik gabe, horixe da startup eta ETEentzako onura handi eta baliagarriena. Halaxe dio, behintzat, Manzanok: “SME Connection-ek ikusgarritasuna ematen dio talentuari”.

Programan parte hartu ondoren, Kevo Technologies-ek hazten eta proiektu berriak garatzen jarraitu nahi du: “gure ibilbide-orriko helburuetako bat da administraziora hurbiltzea, ikusten baitugu eremu zabal bat dagoela, eta aplikazio konkretuen bidez gure teknologiak inpaktu handia izan dezakeela herritarren eta administrazioaren arteko harremanetan”.

Dagoeneko zabalik dago startupentzako 2. deialdia

Otsailaren 3ra arte dago zabalik BIND 4.0ren bigarren ediziorako deialdia, eta parte hartu nahi duten 8 urte baino gutxiagoko enpresek dagoeneko eman dezakete izena.  Programaren bigarren edizioan parte hartuko dute Aclima, Basque Food Cluster, Eraikune, Habic eta Uptek-AFM klusterrek eta Adegi enpresa elkarteak, zeintzuek aurkeztu dituzten startupek izena emateko ebatzi beharko dituzten erronkak. Jakin nahi baduzu zeintzuk diren erronka horiek, eskuragai dituzu webgunean.

Programaren helburua da lehenago programan parte hartu ez duten teknologia berriak bilatzea, konponbide berritzaileak eskain ditzaten makina-erreminta, energia, ingurumen, elikadura, diseinu eta ekipamendu edo eraikuntza sektoreen eraldaketa digitalak dakartzan erronka berriak ebazteko.

Gehiago jakin nahi duzu? Esteka honetan aurkituko duzu BIND 4.0 berrikuntza irekiko plataformari eta SME Connection ekimenaren deialdi berriari buruzko informazio guztia.