Gaur goizean GaztenekBerri programa pilotuan parte hartu duten gazteek garatutako proiektuak aurkeztu dituzte. Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek abian jarritako ekimena, Mondragon Unibertsitatearen laguntza pedagogikoarekin, eta Gaztenek programara iristen diren pertsonen enpresa-kudeaketako, digitalizazioko eta berrikuntzako prestakuntza zabaltzea izan du helburu, lehen sektorean eta landa-eremuan gazteak laneratzen laguntzeko.
Programa ixteko jardunaldian parte hartu dute Jone Fernandez Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak, Eduardo Aguinaco Nekazaritzako foru diputatuak, Arantza Atutxa Bizkaiko Nekazaritzako zuzendari nagusiak eta Xabier Arruti Gipuzkoako Nekazaritza eta Lurralde Orekako zuzendari nagusiak. Gainera, bertaratutakoek Tolosako Ama jatetxeko Javi Riveroren hitzaldi inspiratzailea entzun ahal izan dute.
GaztenekBerri programa pilotuaren Demo Day-a parte-hartzaileen proiektuak bost zentzumenen bidez bistaratzean datza: lortutako produktuak ikusi eta ukitu ahal izan dira, proiektuen garapena eta helburuak entzun ahal izan dira aurkezpen-saio batean, eta proiektu horien ondoriozko produktuak usaindu eta dastatu ahal izan dira bertaratutakoei eskaini zaien lunch batean.
GaztenekBerri 2022ko uztailean jarri zen martxan, lehen sektoreko ekintzailetzak bultzatuta, gazte guztien enpresa-kudeaketako, digitalizazioko eta berrikuntzako prestakuntza zabaltzeko erronkarekin, sektorearen eta ingurunearen benetako erronkei eta premiei erantzuteko gogoa pizteko.
Guztira 26 gaztek (11 Arabakoak, 6 Bizkaikoak eta 9 Gipuzkoakoak) parte hartu dute lehen sektorea gaztetzea eta modernizatzea helburu duen prestakuntza-erronka berri honetan, egungo erronka berriei aurre egitea ahalbidetuko duten tresnak eskainiz: enpresa-kudeaketa, nekazaritzako eta abeltzaintzako lanaren digitalizazioa eta esparru horretako teknika eta berrikuntza berriak.
Aplikatu den metodologia Mondragon Unibersitatearen MTArena (Mondragon Team Academy) da, zeinaren gakoa baita eginez ikastea kontzeptua. Metodologia horren bidez, baserritar gazteek jada bultzatutako proiektu eta ekimenen bidez ikasten da, eta, horretarako, 2 eguneko esperientzia-saioak egin dira Kuartangon eta Donostian, edo bi ikaskuntza-plataforma, enpresa-kudeaketarekin eta berrikuntzarekin lotutako gaitasunak garatzeko, motore gisa. Prozesu osoan zehar, parte hartu duten gazteek hainbat profesionalez osatutako talde bat izan dute lagun.