- Hogei jardueratik gora antolatuta, IDarte fest jardunaldien xedea da I•D arte – Arte eta Diseinu Goi Eskolako ikasleak sektoreko profesionalekin lotzea, eta eskola herritarrei ezagutaraztea
- Urtarrilaren 25etik 30era bitartean burutuko dira jarduerak, I•D arte eskolaren egoitzan, Vital Fundazioa Kulturunean eta Gasteizko erdialdean
- Erakusketa batek I•D arteko ikasleen lanak erakutsiko ditu, urtarrilaren 24tik otsailaren 19ra Vital Fundazioaren Erakusketa Aretoan
I•D arte, Euskadiko Arte eta Diseinu Goi Eskolako ikasle eta irakasleak prest daude beren jarduera artistiko, sortzaile eta profesionalarekin lotura zuzena duten jardueraz beteriko astean murgiltzeko. IDarte fest Vol. 01 hastear da, I•D arteko ikasleak hainbat sektoretako profesionalekin lotzen dituzten arte eta diseinu jardunaldiak, bide batez eskola herritarrei zabalduz.
IDarte fest jardunaldiak, bere lehen “bolumen” honetan, jarraipena ematen dio Gasteizko Betoño auzoan egoitza duen eskolak azken bost urteetan antolatu duen diseinuaren asteari. Aurreko edizioetan bezala, I•D artek jardueraz beteriko aste bat proposatzen du, diseinuaren eta artearen sektoreko profesionalen hitzaldiak antolatuz.
Jarduerak – hogeitik gora –, neurri handi batean, eskolako ikasleei zuzenduta daude, baina sektoreko profesionalei eta, oro har, herritarrei zuzendutako programazioa ere badago. Aurten inoiz baino gehiago, I•D artek bere burua ezagutarazi nahi du herritarren aurrean, eskolak egiten duen lana eta bertan ikasten duten ikasleen maila altua erakutsiz.
Programazio zabala
IDarte fest Vol. 01 jardunaldiak aukera ematen die Euskadiko Arte eta Diseinu Goi Eskolako Arte Eskolako ikasle eta irakasleei, egun batzuetan, ikasgelako eguneroko errutinatik ateratzeko eta sektoreko profesionalak bertatik bertara ezagutzeko. Gainera, eskolak IDarte fest jardunaldiaren programazioa zabaldu egingo du Gasteizko hiriarentzako. IDarte Fest-en jarduerak urtarrilaren 25ean, 26an, 27an eta 30ean burutuko dira, Vital Fundazioaren laguntzarekin, eskolaren egoitzan bertan (Betoñun), Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea, 5), eta baita Gasteizko erdialdeko kaleetan ere.
Jardunaldiaren edizio honetan hizlari ezagunak izango dira, besteak beste, Iñigo Segurola paisajista, ZÜR arkitektura estudioa, Javi Royo eta Mikel Valverde ilustratzaileak, Carlos Santana adimen artifizialean aditua den diseinatzailea, edo Marisa Gallén diseinatzailea, Diseinuko Sari Nazionala.
Era berean, PUCK Cinema Caravana ere Arabako hiriburura hurbilduko da, munduko zinema aretorik txikiena. Zinema areto ibiltari bihurtutako karabana da PUCK. Barrualdea proiekzio gela txiki bat da, zazpi lagunentzako lekua duena. Bertara sartze hutsa unibertso oniriko batean barneratzea da, bizipen magiko batean. Zinema areto ibiltari berezi honek mundu osoko egileen animaziozko film laburrak proiektatzen ditu. Kaleko proposamena izanik, adin guztietako ikusleek zinema berezia ikus dezakete ingurune berezi batean: esperientzia artistiko paregabea. PUCKek egunero eskainiko ditu bere proiekzioak, urtarrilaren 25etik 27ra bitartean, I•D arteren egoitzan zein Gasteizko Foruen Plazan, gasteiztarren gozamenerako.
IDarte fest Vol. 01 jardunaldiaren egitarau osoa eta honen inguruko informazio guztia I•D arteren webgunean ikus daiteke:
https://www.idarte.eus/idarte-fest-vol-01/
Erakusketa
Programazioa osatzeko, I•D arteko ikasleek egindako hainbat lan eta proiektu batzen dituen erakusketa ere antolatu da. Erakusketa urtarrilaren 24tik otsailaren 19ra egongo da zabalik, Vital Fundazioaren Erakusketa Zentroan (Posta kalea 13-15, 3. aretoan). Euskadiko Arte eta Diseinu Goi Eskolak ematen dituen ziklo eta gradu guztietako ikasleen lanak ikusi ahal izango dira. Besteak beste, ilustrazioko Mazoka Bekaren irabazlearenak, Animazio zikloko ikasleek egindako proiektuak, Gazte Klik-klak argazki-lehiaketako lan irabazleak, Barnealdeen Diseinuko Visual Sarien lan irabazleak, edo Diseinu Grafikoko ikasleen kasuan, packaging proiektu inklusibo bat eta gradu amaierako tipografia proiektu bat.
Hedabideei oharra:
Informazio gehiago eskuratu, elkarrizketak lotu edo erreportajeak egin nahi izanez gero, jo IDarte fest jardunaldiaren koordinatzaile Oihane Romaraterengana. Telefonoa: 663 527 434
Zer da I•D arte?
Euskadiko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskola publikoa da I•D arte. 2019-2020 ikasturtetik Betoñun du egoitza, estilo neogotikoko komentu izandakoan, baina eskolak bi hamarkadatik gorako ibilbidea egin du Arte Plastikoen eta Diseinuaren arloko ikasketak eskaintzen Gasteizen. “Ideiak, diseinua eta artea” kontzeptuak uztartzen ditu eskolak bere izenean, baina “ideiak, diseinua eta artea” ikastetxe hau hartzen duen eraikin bereziaren edozein txokotan ere ernetzen dira, ikasleek “do it yourself” filosofia gidari hartuta ikasten eta garatzen baitute hemen euren sormena (egizu zuk zeuk, edo eginaz ikastea).
I•D artek Goi Mailako Prestakuntza Zikloak zein Diseinuko Goi Mailako Graduak eskaintzen ditu. Orotara, bost titulazio ezberdin:
–Goi Mailako Prestakuntza Zikloak (2 urtekoak)
- Argazkigintza
- Ilustrazioa
- Animazioa
–Diseinuko Graduak, (4 urtekoak)
- Diseinu grafikoan Gradua
- Barne diseinuan Gradua
I•D arte da Euskadin Goi Mailako Diseinu Graduak egiteko aukera eskaintzen duen zentro publiko bakarra.