Euskal gizartea jakitun da ijitoen aurka duen jarrerarekin eta kezkatuta dago

0

EAEko herritarrak jakitun dira ijitoek Euskadin pairatzen duten diskriminazio-egoeraz eta integraziorik ezaz; hala eta guztiz ere, kulturarteko bizikidetza zailtzen duen egiturazko ijitoen aurkako jarrera dago herritarren artean. Hori da Ikuspegi behatokiak egin duen ‘Neurtu 2022’ txostenaren ondorio nagusietako bat, oraingo honetan biztanleek ijitoekiko duten jarrera ezagutzeko.

‘Neurtu 2022: Ijitoekiko pertzepzioak eta jarrerak’ izenburupean, Ikuspegi behatokiak alde horiek Euskadin jorratzen dituen lehen inkesta eta lehen ikerketa espezifikoa egin ditu. Txosten hori gaur argitaratu da, “Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako Kontseilua”ren bilerarekin batera.

Julia Shershneva Ikuspegiko zuzendariak eta UPV/EHUko irakasleak azaldu duenez, “herritar gehienek adierazi dute aniztasunerantz irekita daudela, oro har; baina, aldi berean, Euskadin errealitate diskriminatzaileak daudela onartu dute, eta errealitate horien aurkako jarrera agertu dute. Hala ere, -gaineratzen du- joera orokor positibo horiek ez dira hain irekiak bihurtzen zenbait talderi dagokienez, eta horien artean ijitoak, musulmanak eta atzerritar jatorrikoak nabarmentzen dira, batez ere harreman intimoak dituzten espazioei dagokienez”.

Txostenak egiaztatzen du, gehienbat, gizarteak onartzen eta salatzen duela ijitoen aurkako diskriminazioa dagoela, hainbat eremutan. Hala eta guztiz ere, iritzi eta ideia estereotipatu batzuei dagokienez jarrera anbibalenteak jarraitzen du izaten; era berean, ez da hain eroso agertzen harreman- eta bizikidetza-eremu intimo eta hurbilenei buruz hitz egiten dugunean. Ildo horretan, adierazle kezkagarri batzuk daude lan-eremuan ijitoen aurkako diskriminaziorako aldez aurreko jarrerari eta bizikidetza saihesteari dagokienez.

Laneko, bizikidetzako edo ikasketetako gaitzespena

Ildo horretan, azpimarratu behar da inkestatuen % 83,9k adierazi arren nahiago dutela askotariko gizarte batean bizi, soilik % 40k onartuko lukeela ijito asko bizi diren eraikin edo auzo batean bizitzea; beste horrenbeste saiatuko lirateke hori saihesten ( % 40,9) eta % 15,3k zuzenean uko egingo lioke aukera horri. Gauza bera gertatzen da beren etxebizitza ijito bati alokatzea planteatzen zaienean, non hamarretik lauk ez lioketen alokatuko.

Txostenak erakusten du arbuio-jarrera beste alderdi batzuetan ere errepikatzen dela, hala nola lan-harremanetan; izan ere, hamarretik ia hiruk adierazten dute norbait kontratatu beharko balute, prestakuntza- eta esperientzia-berdintasunean, ijito bat kontratatzea saihestuko luketela edo ez luketela kontratatuko.

Era berean, inkestatutako pertsonen % 91,1ek adierazi du ez duela arazorik laneko eta hezkuntzako testuinguruan ijitoekin harremanak izateko, goragoko maila rola (zuzendaritzakoa) edo berdina (lankidea edo ikaskidea) betetzen badute. Hala ere, galdetutako hamar pertsonatik lauk ez lituzkete beren seme-alabak ijito asko ikasten ari diren ikastetxe batera bidaliko.

Bizi izandako zeharkako diskriminazioari dagokionez, biztanleriaren % 40k baino gehiagok adierazi du ijitoren bati buruzko iruzkin negatiboak edo zurrumurruak entzun dituela, eta % 34k baino gehiagok, berriz, isekak, txantxak, txisteak, imitazioak edo antzekoak ikusi dituela. Adierazgarria da % 21,1ek irainak ikusi izana, % 12,5ek mehatxuak eta % 10,7k eraso fisikoak.

Aipatzekoa da ere bai, ijitoekiko sinpatiaz, haien tolerantzia pertsonalaz eta gizarteak oro har izan dezakeen tolerantziaz galdetzen zaionean, erdi mailako balioak edo balio txikiak agertzen dira. Hala, sinpatia-maila, 0tik 10era bitarteko eskala batean, 5,79 puntukoa da batez beste; aitortutako tolerantzia pertsonala, berriz, 10etik 6,65 puntukoa da, eta gizarteari, oro har, 5,3 puntukoa.

Azkenik, Ikuspegik indize sintetiko bat egin du, biztanleria osoak Euskadiko ijitoekiko duen jarrera eta posizioa laburbiltzen dituena. Indizea 0 punturen (posizio itxiago eta intoleranteagoak) eta 100 punturen (posizio irekiagoak eta toleranteagoak) artean mugitzen da, eta lehenengo urtean lortutako puntuazioa 54,36 puntukoa da.

Neurtu: aniztasunari buruzko barometroa

Ikuspegi behatokia 2020an hasi zen Euskadiko diskriminazioaren inguruko pertzepzio eta jarrerei buruzko inkestak egiten (EPADE), 2020. urtean. Txosten horien helburua da aztertzea zer posizionamendu dauden eta zer irekitasun duten euskal biztanleek askotariko gizarte-errealitatearekiko eta berdintasunarekiko eta diskriminaziorik ezarekiko konpromisoarekiko. Hau da ‘Neurtu’ izenburupean egindako bigarren txostena, 2021ean argitaratutako lehenengoaren ondoren. Bertan, ‘Sexu- eta genero-aniztasunarekiko pertzepzioak eta jarrerak‘ jorratu ziren.

Bigarren txosten hau egiteko, Ikuspegik Daniel La Parra Casado, Alacanteko Unibertsitateko Soziologiako katedraduna, eta Javier Arza, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea, izan ditu lankide, Ijito Herriari buruzko ikerketan adituak, lan hau egiteko.

Txostena irakurri nahi izanez gero: [jaitsi]