Donostiako Udalak plaka bana jarriko du J. A. Marcos eta M. A.l Iñigoren omenez

0
PRUEBA

Donostiako Udalak plaka bana jarriko du larunbatean, urtarrilak 28, Juan Antonio Marcos González eta Miguel Ángel Iñigo Blancoren omenez, ETAren biktimak 1978an.

Hauekin 26 izango dira Udalak Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jartzen dituen plakak.

Ekitaldia datorren larunbatean, urtarrilak 28, izango da, 12:00etan, Gabriel Aresti pasealekua eta Ametzagaña etorbidea elkartzen diren tokian.

Plakak jartzeko beste ekitaldiekin egin den bezala, omenaldi xumea egingo da. Bertan, Donostiako alkate Eneko Goiak, udal taldeetako ordezkariek eta biktimaren senideek parte hartuko dute.

Miguel Ángel Iñigo Blanco eta Juan Antonio Marcos González, 23 eta 20 urtekoak hurrenez hurren, guardia zibilak ziren, eta Land Rover batean Intxaurrondoko kuartela patruilatzen ari ziren atentatu baten biktima izan zirenean.

Miguel Ángel Iñigo Blanco Holgerakoa (Caceres) zen, eta atentatuan bi bala-kolpe jaso zituen garezurrean. Arantzazuko Andre Mariaren osasun egoitzara eraman zuten, eta sei egun geroago hil zen. Juan Antonio Marcos González Llanesekoa (Asturias) zen, eta zenbait tiro jaso eta gutxira hil zen.

Horrenbestez, Udalak hirian terrorismoaren eraginez eta oinarri politikoko bortizkeriagatik bizitza galdu zuten pertsonen memoria berreskuratzeko eta gune publikoan ikusarazteko ekindako bidearekin jarraitzen du.

Orain arte, segidako pertsonak oroitzeko honako plakak jarri dira erailak izan ziren tokietan: Juan Maria Araluce, José María Elícegui Díez, Antonio Palomo Pérez, Luis Francisco Sánz Flores, Alfredo García González, Gregorio Ordóñez Fenollar, Francisco Martín González, Fernando Múgica Herzog, Rafael Garrido Gil, Daniela Velasco Domínguez de Vidaurreta eta Daniel Garrido Velasco, Miguel Paredes eta Elena Moreno, Eugenio Olaciregui Borda, Francisco Javier Gómez Elosegi, José Ángel Santos, Josu Leonet, Juan de Dios Doval Mateos – guztiak ETAk erailak -, Enrique Cuesta, Antonio Gómez eta Juan Manuel García Cordero – Komando Autonomo Antikapitalistak taldeak erahilak -, Begoña Urroz Ibarrola – DRIL talde armatuak eraila –, Mari Jose Bravo del Valle – Batallón Vasco Español taldeak eraila – eta Joseba Baradiaran Urkola – poliziaren ekintzak eragindako biktima – .