Jaurlaritzak trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko 45 kanpaina egingo ditu, eta arreta berezia eskainiko die motozaleen kolektiboari eta arreta-galtzeei

0
PRUEBA
  • Iaz 14 motor-gidari hil ziren Euskadiko errepideetan
  • 2022an egindako 11.693 kontroletan hautemandako arau-hausteek ehuneko 5 puntu egin zuten gora 2021ekin alderatuta

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak gaur goizean aurkeztu du Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, 2023an gauzatuko duen Trafikoa Zaintzeko eta Kontrolatzeko Kanpainen Egutegia. Aurten guztira 45 kanpaina egitea aurreikusten da, eta istripuak saihesteko arrisku-portaerak zaintzeko izango dira.

Arreta berezia eskainiko zaio aurten ere motor-gidarien kolektiboari, hildako-kopuru kezkagarria dela-eta, nahiz eta 2021ean (17) baino hiru motor-gidari gutxiago hil ziren 2022an (14). Era berean, areagotu egingo dira gidatzean arreta-galtzeak eta, bereziki, telefono mugikorra erabiltzen den zaintzeko kontrolak ere. Axolagabekeria horrek gidabaimeneko 6 puntu galtzea ekar dezake, eragin dezakeen arriskua dela eta.

Bide-segurtasuna hobetzen jarraitzeko helburuarekin, abiadura desegokia eta alkoholaren eta drogen kontsumoa kontrolatzen ere jarraituko da, arreta-galtzeekin batera Euskadin istripua eragin dezaketen arrisku-faktore nagusiak baitira.

Díaz de Corcuerak gogoratu du: “2022an 44 pertsona hil ziren Euskadiko errepideetan. Horietatik % 70 inguru kolektibo zaurgarriren batekoak ziren, gehienak oinezkoak (15) eta motor-gidariak (14). Nahiz eta hildako motor-gidarien kopurua jaitsi egin den, errealitate kezkagarria da. Datu horietan oinarrituta planifikatu dugun egutegi berrian arreta berezia eskainiko zaie kolektibo horren, motozikleten gidarien, istripuen prebentzioari eta arreta-galtzeei. Bestalde, abiaduraren eta alkoholaren eta drogen kontsumoa ere kontrolatuko dira, aipatutako arreta-galtzeekin batera Euskadin gertatzen diren trafiko-istripuetan errepikatzen diren faktoreak baitira. Hori guztia Zero Biktima Ikuspegiaren esparruan, iaz izenpetutako Bide Segurtasunaren Aldeko Itunean jasota dagoenari jarraituz”.

Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusian egin den lan-bileran Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariarekin batera izan dira Aitor Lete Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria, Iñigo Ibarra Ertzaintzako Trafikoko Buruzagitza Nagusiko intendentea eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzaingoen ordezkariak, bai eta Ertzaintzako trafikoko lurralde-unitateen arduradunak ere.

Eusko Jaurlaritzak erabaki du eranskinean adierazten diren trafikoaren eta garraioaren zaintza eta kontrol kanpainen egutegiak onartzea 2023an. Kanpaina horiek Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateek gauzatuko dituzte, eta, hala dagokionean, ertzain-etxeetara atxikitako agenteek udaltzaingoekin lankidetzan.

ZIFRAK

2022an 11.693 kontrol eta 91.867 proba egin ziren, eta % 15,6tan hauteman zen arau-hauste bat (guztira 14.317 arau-hauste erregistratu ziren), hau da, 2021ean hautemandakoak baino ehuneko 5 puntu gehiago.

Trafikoa Zaintzeko eta Kontrolatzeko Kanpainen 2023ko Egutegian honako hauek kontrolatzeko kanpainak egitea aurreikusten da: arreta galtzeak, abiadura, alkoholaren eta drogen kontsumoa, hiri-bideetako harrapatzeak, eskola-garraioa eta salgaien eta pertsonen garraioa, segurtasun-uhalaren eta haurrak eusteko sistemen erabilpena, bigarren mailako errepideen baldintza teknikoak, motozikletak, ziklomotorrak eta bizikletak.