Lehendakariak Hondarribiko San Telmo gaztelua bisitatu du, duela gutxi ireki dena
Iñigo Urkullu Lehendakariak, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Jaurlaritzako bozeramailearekin batera, San Telmo gaztelua bisitatu du gaur goizean. Bertan ziurtatu du euskal erakundeentzat ondare kulturala kontserbatzeko modurik onena hori partekatzea dela: guztion artean zaintzea, mirestea eta gozatzea.
San Telmo gaztelua Higer lurmuturrean dagoen esparru gotortu txiki bat da, itsasoaren ertzean, Hondarribiko udal-mugartearen ipar-ekialdeko muturrean, eta, orain arte, itxita egon da. “Orain leku irekia da. Bake-, ezagutza- eta kultura-gunea. Itsasoari eta munduari irekitako espazioa. Orain, sar gaitezke, ezagutu dezakegu eta, horrela, gure historia hobeto ezagutu dezakegu”, adierazi du Urkulluk.
Lehendakariak “herri batek, udal batek,” bere kultura-ondarearen alde egindako apustu irmoa balioan jarri nahi izan du. “Garrantzitsua da azpimarratzea eta txalotzea San Telmo espazio publikoan sartzeko erabakia aho batez hartu dutela Hondarribiko Udaleko talde guztiek. Akordioa da gure iraganari eta etorkizunari aurre egiteko biderik onena”, gaineratu du.
Bisitaldian, bertaratutakoek Gazteluko gune ezberdinak ikusi ahal izan dituzte, hala nola ofizialarentzako goardia, dorrea, plaza txikia, putzua, mazmorrak edo troparentzako kuartela eta sukaldea.