Aixeindar, Energiaren Euskal Erakundeak (% 40) eta Iberdrolak (% 60) 2019an eratutako erakundea, aurrera doa Euskadin dituen hiru parke eolikoen tramitazioan.
Labrazako eta Azazetako parke eolikoek ingurumenaren alorrean argi berdea lortu dute beren IEA (Ingurumen Eraginaren Adierazpena) positiboen bidez. Instalazio berriztagarri horietako bakoitzak 40 MW-ko potentzia du, energia % 100 berdea sortuko dute eta Euskadin 2006tik abian jarri diren era horretako lehen instalazio eolikoak dira.
Hiru proiektu eoliko horiek bideratua dute ebakuazio-linearen konexioa lehendik dauden azpiestazioetara, eta horrek lagunduko du ingurumenaren gaineko eragina murrizten.
Araban daude, Labrazan (Oion) eta Azazetan (Arraia, Maeztu eta Bernedo), eta gaur egun Euskadin instalatua dagoen ahalmen eolikoari (153 MW, bost parke eolikotan banatua) gehituko zaizkio.
Lankidetza publiko-pribatuaren erakusgarri da Aixeindar, eta agerian uzten du bi bazkideek trantsizio energetikoaren eta energia berriztagarrien alde egindako apustua.
Euskadik aurreikusitako proiektu horiek 470 profesional baino gehiago bilduko dituzte puntako aldietan, eta, horrenbestez, lagunduko dute tokiko ekonomia eta enplegua suspertzen.
Martxan jarritakoan, proiektuek energia garbia sortuko dute 107.000 etxebizitza baino gehiagoko biztanleentzat, eta urtean 50.000 tona CO2 baino gehiago atmosferara isurtzea saihestuko dute.
Aixeindarrek lanean jarraitzen du, sustatzen ari den parke eolikoen proiektuetatik gertu dauden udalerrientzako eta herritarrentzako proposamen sozialak txertatzeko. Besteak beste, energia-komunitateak sortzea balioesten ari da, eta, horri esker, ordaindu beharreko energiaren prezioa jaitsi ahal izango litzateke, eta, era berean, herritarrek proiektuaren bazkide gisa parte hartuz, «crowfunding» – mikrofinantzaketa –.
Lehen instalazio misto eoliko eta fotovoltaikoa
Horrez gain, Aixeindarrek Euskadiko lehen instalazio misto eoliko eta fotovoltaikoa eraikitzea aurreikusi du, Laminoria, Laminoriako Erret Haranean, eta dagokion IEA eskuratzeko zain dago. Proiektu horrek 40 MW-ko parke eolikoa eta 40 MW-ko planta fotovoltaikoa ditu. Laminoria proiektuak, gainera, harrobia lehengoratzea aurreikusi du, eta horrek balioa ematen dio Aixeindarrek ekonomia zirkularrarekin duen konpromisoari. Eusko Jaurlaritzak kudeatuko du haren tramitazioa.
Hiru proiektu berriztagarri horiek hegaztiak babesteko hainbat neurri berritzaile hartu dituzte kontuan, hala nola palak pintatzea hegaztiak uxatzeko, bideozaintza-sistemak, hacking-teknikak, espezie babestuak berriz sartzea eta radarren eta kameren bidez adimen artifiziala erabiltzea. Hala, hegazti-espezieak detektatu, non dauden jakin eta identifikatu ahal izango lirateke, aeorosorgailuen palen geldialdi selektiboak egiteko aukerarekin.
Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eratutako Aixeindar sozietatearen lehen jarduerak dira proiektu berriztagarri horiek, Euskadin proiektu berriztagarri berriak bultzatzeko.
Aixeindar bat dator, besteak beste, 2030erako Euskadiko Energia Estrategiaren helburuekin, energia berriztagarrien aldeko apustua indartzeko eta Parisko Akordioan ezarritako konpromisoei erantzuteko.