Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak gaur inauguratu du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak antolatutako Euskadiko VI. Ekoturismo Foroa. Inaugurazioan parte hartu dute Cristina González diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru-diputatuak eta Maider Etxebarria Gasteizko Udaleko lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotziak ere.
Sailburuak iazko turismoaren balantzea egin du, eta adierazi du Euskadik 4,2 milioi bisitari baino gehiago hartu zituela, 2019ko zifra historikoak % 10,5ean gaindituz. “Une oso latzen ostean, oso albiste onak dira gure turismo-sektorearentzat, baina baita Euskadiko ekonomiaren oinarrizko motorra delako ere. Izan ere, turismoak 100.000 familiari baino gehiagori ematen die enplegu zuzena, baina aldi berean eragin zuzena du beste askotan ere, besteak beste, merkataritzan, garraioan edo ostalaritzan duen inpaktuagatik. Hori dela eta, pandemia aurreko zifrekin alderatuta gora egin izana oso positiboa da eta, batez ere, oinarria turismo-eredu jasangarria delako, eta ekoturismoa horren adierazgarri argia da”.
Alde horretatik, gogoratu du ekoturismoak turismoa lurralde osoan zehar banatzen eta desestazionalizatzen laguntzen duela. Horrez gainera, ekoturismoak turismo aktiboa eta arduratsua sustatzen du, naturarekin, ingurumenarekiko errespetuarekin eta tokiko ekonomiaren garapenarekin lotuago eta konprometituago dagoena. “2022an udako hilabeteen maila berean hazi gara urrian edo abenduan. Eta hori eskaintzaren dibertsifikazioari esker izan da posible, bisitariari urteko edozein garaitarako planak eskaini baitiezazkiokegu, eta hor sartzen da natura-turismoa”.
Hori dela eta, Turismo saila Euskadin ekoturismoa indartzeko ari da lanean, eta helburu horrekin jarri ditu abian hainbat tresna, besteak beste, Euskadiko Ekoturismo Sarea edo Espainiako Ekoturismo Elkartearekin egindako lankidetza-hitzarmena. Jada Euskadiko 50 enpresa baino gehiago erantsi zaizkio, eta gaur jaso dituzte bereizgarriak Ekoturismo Foroan.
“Eta ekoturismoaren aldeko gure apustua mugez gaindi ere zabaldu nahi izan dugu”, azaldu du sailburuak. “Joan den astean Kantauri aldeko 4 autonomia-erkidegoek, Euskadik, Kantabriak, Asturiasek eta Galiziak, osatzen duten Espainia Berdea koordinatzeko lekukoa jaso genuen Fiturren, nazioarteko sustapena indartzeko. 2023an Espainia Berdeko Ekoturismo Korridorearen proiektua bultzatuko dugu, Espainiako Ecotouringeko lehen ibilbide handia izango dena. Next Generation funtsekin finantzatutako proiektua da, Espainiako Turismo Esperientzien Planaren bidez, eta, horri esker, erreferentzia izango gara ekoturismoan eta natura-turismoan”, esan du amaitzeko Javier Hurtadok.