Halaber, 2023ko lehen seihilekoan, Eusko Jaurlaritzak euskal operadoreen artean deskontuek eragindako gastuei aurre egiten lagunduko du
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 6,06 milioi euro ordaindu dizkie udal- eta foru-administrazioei, 2022ko azken hiruhilekoan garraio publikoaren % 50eko hobariak ezartzeak eragin zizkien kostuak finantzatzen laguntzeko. Hobari horiek ezarri ziren familien eta langileen artean presio ekonomiko handiko testuingurua arintzeko. Iñaki Arriolaren sailak proposatu zuen % 50eko deskontua inplementatzen zuten tokiko operadoreei laguntzea, erkidegoetako diru-kutxetatik % 10 finantzatuta, baldin eta haiek beste % 10 beren gain hartzen bazuten —eta Gobernu Zentralaren % 30eko laguntza eskatzen bazuten—.
Hiruhilekoa amaitutakoan, Garraio Sailak laguntzak ordaindu dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko aldundien eta udalen mendeko garraio publikoko operadoreei. Araban, Aldundiak 218.618,88 euro jaso ditu, Gasteizko Udalak 237.022,6 euro eta Aguraingoak 275,45 euro. Bizkaiaren kasuan, Bizkaiko Garraio Partzuergoak 2,17 milioi euro jaso ditu, Aldundiak 1,12 milioi, Bilboko Udalak 376.838,50 euro, Barakaldokoak 14.259,61 euro, Etxebarrikoak 6.121,30 euro, Sopelakoak 5.377,03 euro, Leioakoak 2.186,67 euro eta Erandiokoak 1.940,6 euro.
Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak 1,16 milioi euro ordaindu dizkio Aldundiari, 691.674,97 euro Donostiako Udalari, 38.670,67 euro Irungo Udalari, 13.436,57 euro Errenteriako Udalari, 3.438,84 euro Arrasateko Udalari, 2.810,29 euro Zarauzko Udalari, 1.018,98 euro Eibarko Udalari, 586,91 euro Lasarte-Oriako Udalari, 572,53 euro Oñatiko Udalari, 56,33 euro Oiartzungo Udalari eta 501,97 euro Hernaniko Udalari.
Garraio Sailak, halaber, udal eta aldundiei finantzaketarekin lagunduko die 2023ko lehen seihilekoan, hobariak ohiko prezioaren erdian zabaltzeak garraio publikoko operadoreei dakarkien diru-sarreren murrizketa arintzeko. Euskadiko Garraio Agintaritzak abenduan egindako bileran, finantzaketa handituko zela aurreratu zuen Arriola sailburuak, eta, horretarako, 2022ko laguntza ekonomikoen egitura erreplikatuko zela: Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren % 30eko eta Eusko Jaurlaritzaren % 10eko zuzeneko laguntzak % 50eko deskontuak ezartzen dituzten garraio publikoko operadoreentzat —horrek berekin dakar operadoreek beren gain hartzea gainerako % 10a—. Sailburuak azaldu zuenez, testuingurua berriro analizatuko da urteko lehen seihilekoa amaitzean, neurri hori eragin duten baldintzek bere horretan jarraitzen duten ebaluatzeko, Eusko Legebiltzarrak onartutakoaren arabera.