Arrakastaz burututa FEVAren eta Etxepareren udako (Argentinakoa) barnetegia, joan den astean Tandilen

0
PRUEBA

Joan den igandean eman zitzaion amaiera Tandileko Gure Etxea euskal etxean urtarrilaren 14tik 22ra egin den Argentinako udako barnetegiari. Eskolak Ines Olazabalek —2019ko Gaztemunduko partaidea—, Tandilekoa bera, eta Gabriel Arce Buenos Aires-koak eman dituzte. Tandileko udako barnetegia arrakastatsua izan da.

Tandileko euskara barnetegian hogei bat ikaslek hartu dute parte, argentinarrak gehienak, baina hurrean dagoen Uruguaitik etorritako ikasleak ere izan dira. Prozesua Etxepare Euskal Institutuko Kinku Zinkunegik koordinatu du eta horretarako Argentinara joan da. Zinkunegik, gainera, bertako euskara irakasleei trebatzeko jardunaldia eman die.

Argentinan FEVAk eta Etxeparek urtean bitan egiten dituzte barnetegiak, bata urtarrilean hego hemisferioko udari dagokiona eta bestea uztailean, hemisferio horretako neguaren hasierarekin bat datorrena; eta orduan egingo dena, guretzat Europan uda hasiko den sasoian. Barnetegi hauen antolakuntza jardunaldi horiek hartuko dituen euskal etxearen, Argentinako Euskal Etxeen Federazioaren (FEVA) eta Etxepare Euskal Institutuaren artean koordinatua egiten da. Etxeparek orientazio pedagogikoa eta eskolak emateko material didaktikoa eskaintzen ditu.

Diaspora, dagoen euskaltegirik handiena

Diasporako barnetegien helburua bikoitza da: Euskara ez dakitenei, irakastea, eta behin euskara ikasiz gero, bertako ikasleengandik euskara irakasle ongi gaituak ateratzea.

Prozesu horrek 30 urte baino gehiago daramatza martxan, lehenik eta behin “Argentinan Euskaraz” programaren bidez —ez zen kasualitatez hasi Argentinan, munduko euskal komunitaterik handiena baitago bertan—. Orduan, 90eko hamarkadan, helduen Alfabetatzerako eta Berreskalduntzeko Erakundearen (HABE) ardurapean egon zen, hogeita bost urte geroago “Euskara Munduan” bihurtu zen —eta 2018tik aurrera Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen du—, Europan, Ipar Amerikan, Hego Amerikan eta Australian euskara ikasteko eta horretarako irakasleak prestatzeko eskariari erantzuteko.

Hori bai, beti Jose Frantzisko Zinkunegiren («Kinku») koordinatzailearen gidaritzapean. Berak «orkestra-zuzendari» gisa parte hartu du euskal diasporaren euskalduntze-prozesuan. Ia hogeita hamabost urteko ibilbidean hedapen progresiboa izan duen prozesua da, eta, Zinkunegik berak esan ohi duen bezala, lortu duena “diaspora dagoen euskaltegirik handiena izatea”.