Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Sailaren 2023 urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu du

0
  • Gobernu Kontseiluak baimena eman du 2023rako gehienez 1.197 m €-ko zorpetze-eragiketak egiteko
  • Lehendakariak kogobernantza eskatuko dio Calviño presidenteordeari Europako funtsen kudeaketan

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera. 

Bere aldetik, Hezkuntza sailburuak gaurko Gobernu Kontseiluan onartu den Hezkuntza Sailaren 2023 urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aurkeztu du. Dokumentu honetan, Sailaren lau Sailburuordetzek eta hamabi Zuzendaritzek kudeatzen dituzten dirulaguntza deialdiak jasotzen dira, eta era berean, laguntza hauen aplikazioarekin lortu nahi diren helburuak eta eraginak ere zehazten dira.

Jokin Bildarratzek azaldu duenez, izaera programatikoa duen Plan bat da, eta Hezkuntza Sailaren politika planifikatzeko tresna gisa sortua. Bere helburua da, dirulaguntzen bidez, erabilera publikoa edo gizarte-interesa duen jarduera bat sustatzea edo jarduera horren xede publikoa lortzeko bultzada ematea. “Tresna honen bidez Sailaren jardute-eremuan eraginkortasun maila areagotzeaz gain, gardentasuna sendotzea ere lortzen da”, adierazi du.

Orotara, 113 dirulaguntza lerro ditu egun Hezkuntza Sailak, eta horien kopuru osoa 175.446.963 eurokoa da 2023 urterako. 113 lerro horien artean Bildarratz sailburuak hauek nabarmendu ditu: eskolatzeko bekak eta laguntzak, unibertsitate-bekak, edoo Lanbide Heziketako zein unibertsitateko ikasleen mugikortasuna errazteko laguntzak edo ikertzaileen mugikortasuna laguntzeko deialdiak. 

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernu Kontseiluak zor publikoaren jaulkipen bat edo batzuk egitea erabaki du gaur. Honela, baimena ematen du gehienez ere ia 1.200.000 euroko mailegu-eragiketak hitzartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean ezarritakoaren arabera. Lege horren arabera, Autonomia Erkidegoko Administrazioak formalizatutako zorpetzeak muga hau izango du: ekitaldiaren amaierako saldoak ezin izango du gainditu ekitaldiaren hasieran dagokion saldoa, hau da, 419.159.000 euro baino gehiago.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailari lotuta, Gobernu Kontseiluak zainketen ekonomiari buruzko proiektuak finantzatzeko eta berdintasun- eta gizarteratze-politikak indartzeko Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean (2021eko apirilean onartua) jasotzen diren Europako funtsen banaketa onartu du. Banaketa horren arabera, 200arn Eusko Jaurlaritzari 4.400.000 euro dagozkio; Arabako Foru Aldundiari, 5.700.000 euro; Bizkaiko Foru Aldundiari, 17.700.000 euro; eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, 11.800.000 euro. Zupiriak azaldu duenez, Zaintzaren Ekonomiarako eta berdintasun- eta gizarteratze-politikak indartzeko Europako Planaren helburu nagusia da gizarte-zerbitzu guztiak modernizatzea eta indartzea da, arreta berezia jarriz iraupen luzeko zainketen ereduan, berrikuntzaren sustapenean eta pertsonengan oinarritutako arretaren ereduan. 

Halaber, Gobernu Kontseiluak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren “Berdintzen 2023” bekak onartu ditu gaurkoan. Beka horien bidez, euskararen eta genero-berdintasunaren arloko ikerketa-lanak bultzatu nahi dira, hau da, generoa eta hizkuntza gurutzatzen dituen ezagutza-esparrua osatu eta indartu. Guztira, 7.500 euroko lau beka emango dira.

Lehendakariaren eta Calviñoren arteko bilera

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Nadia Calviño presidenteordeak datorren ostiralean egingo duten bilerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du Lehendakariaren asmoa Europako funtsen kudeaketan baterako gobernantza eskatzea dela.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena