Ertzaintzak eta udaltzaingoek indartu egingo dute ibilgailuen baldintza teknikoen ikuskapena bigarren mailako errepideetan

0

Batez ere pneumatikoen egoera, argiak eta IATa ikuskatuko dituzte

Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, bigarren mailako errepideetan dabiltzan ibilgailuen baldintza teknikoen ikuskapena indartuko du otsailaren 6tik 12ra bitartean. Kanpainaren helburua da erabilera publikoko errepideetan zirkulatzeko araudi bidez ezarritako baldintzak betetzen diren zaintzea. Batez ere ikuskatuko dituzte:

    • Ibilgailuen Azterketa Teknikoa.
    • Argiak
    • Pneumatikoen egoera.

 

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren esanetan, “funtsezkoa da ibilgailuaren mantenimendua eguneratuta izatea istripuak edo matxurak saihesteko. Horixe da, hain zuzen ere, kontrol hauen helburua: prebentzioa eta errepideak leku seguruak izan daitezen laguntzea”.

IATa eguneratuta ez izatea arau-hauste larria da, eta 200 euroko zigorra du. Argiei dagokienez, anomaliaren bat hautematen bada, gidariari jakinaraziko zaio lehenbailehen konpon dezan. Anomalia horiek bidean gertatzen badira, ez da eragotziko jarraitzea, baldin eta arriskutsua ez bada; izan ere, gaur egun ez da nahitaezkoa ordezko lanparak eramatea. Bestalde, pneumatikoek gutxienez 1,6 mm-ko errodadura-sakonera izan behar dute. Horrez gainera, beti mantendu behar dituzte arauzko inskripzioak, eta ez dute babarik, deformaziorik, hausturarik edo pitzadurarik izan behar, ezta kablerik ere agerian.

Ibilgailuen baldintza teknikoak ikuskatzeko kanpaina trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatu diren 45 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.