Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Araba Domotic System enpresak Euskadiko KNX Saria jaso dute Arkauteko instalazioetan argiaren, beroketa-sistemaren eta beste hainbat oinarrizko zerbitzuren kudeaketa hobetzeko abian jarritako domotika-sistema berritzailearengatik. Horrez gainera, hirugarren postuan geratu dira Estatuko Instalazio Domotikoen IV Lehiaketan.
Domotika-sistemaren bidez formakuntza-geletako argia eta klimatizazioa kudeatzen da, instalazio fotovoltaikoa (450 panel) kontrolatzen da eta ibilgailu elektrikoentzako kargagunea (ibilgailuen 5 kargagune), hozteko makina bat eta bi aire-klimatizagailu erabiltzen dira formakuntzako eraikinean, eta, gainera, eraikin guztien teilatuetan dauden atakak kontrolatzen dira sute bat izanez gero aktibatu ahal izateko. Bestalde, Akademiako ostalaritza-zerbitzuak sistema hori erabiltzen du jantokiko erretilu-kontagailua eta hozkailu/izozkailuen tenperatura monitorizatzeko.
KONPROMISOA GARAPEN JASANGARRIAREKIN
Proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren Jasangarritasun Planean eta 2030 Agendan ezarritako helburuak lortzeko bide-orri gisa jasangarritasunaren eta energia-efizientziaren arloan aurreikusitako ekintzen jarraipena egiteko aukera ematen du. Horrela, PLEAk instalazioen energia-efizientzia hobetuko du eta gobernuaren eraikinen ingurumenaren gaineko inpaktua murrizten lagunduko du.