Eusko Jaurlaritzak, Legegintzaldiaren amaierara arte, hamar lehentasun ezarri ditu gazteriaren arloan, emantzipazioa izanik helburu nagusia

0

2022ko martxoaren 10ean onartu zen Gazteen 2/2022 Legea. Ekainaren 21ean, Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategia onartu zen. Estrategia horren lehen ardatza gazteen emantzipazioa da. Horren osagarri, Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategia aurkeztu zen abenduaren 7an.

Hilabete batzuk lehenago, irailaren 22an, Lehendakariak Politika Orokorraren Osoko Bilkuran iragarri zuen Gazteria Zuzendaritza Lehendakaritzari atxikita geratuko zela, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren barruan. Berregituratze horren helburua da gazteriari, emantzipazioari eta erronka demografikoari buruzko politiken sailen arteko eta erakundeen arteko koordinazioa sustatzea, zeharkako ikuspegi batetik.

Testuinguru horretan, eta Legegintzaldiaren amaierara arte geratzen den urte eta erdira begira, Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak eta Miren Saratxaga Gazteria zuzendariak gazte-politiketan jarduteko hamar lehentasunak aurkeztu dituzte gaur.

Jonan Fernandezek azpimarratu du lehentasun horiek Gobernu Programaren konpromisoak garatzen dituztela eta “hiru helburutan egituratzen direla: bat, gazteen emantzipazioa; bi, zerbitzuak eta parte-hartzea; eta hiru, gobernantza eta gazte-politiken plangintza”.

Fernandezek azpimarratu du gazteriari eta emantzipazioari buruzko politika publikoak lehentasun estrategikoak direla Eusko Jaurlaritzarentzat. Lehenik eta behin, belaunaldi barruko eta belaunaldi arteko arrakalak murriztea eta ezabatzea berez agindu etikoa delako. Bigarrenik, “gizarte osoaren eta etorkizunaren oreka demografikoaren eta sozioekonomikoaren ikuspegitik begiratuta, ezinbestekoa delako gazteek beren bizitza- eta familia-proiektuak autonomia eta bideragarritasun nahikoarekin garatu ahal izatea”.

Lehen helburua. Gazteen emantzipazio-adina aurreratzen laguntzea

Jarraian, Miren Saratxaga Gazteriako zuzendariak Legegintzaldiaren amaierara arte ezarritako hamar lehentasunen edukia laburbildu du. Emantzipazio-adina aurreratzeko helburuari dagokionez, gogorarazi du “Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategia ekarpenak jasotzeko aldia zabalik egon da otsailaren 7ra arte”. Aurreikuspenen arabera, martxoan onartuko da. Esparru horretan, lau lehentasun nabarmendu ditu:

  • 1. lehentasuna. 25 eta 29 urte bitarteko gazteen emantzipazioa errazteko laguntza ekonomikoa arautzea. 2024an abian jartzea aurreikusten da.
  • 2. lehentasuna. Ekintzailetza-, prestakuntza- edo etxebizitza-proiektuetarako maileguen programa prestatzea 25 eta 34 urte bitarteko gazteentzat. 2024an aktibatzea aurreikusten da.
  • 3. lehentasuna. 2023ko irailetik aurrera, GAZ (Gazte-ibilbideak Abiarazteko Zerbitzua) pixkanaka artikulatzea, gazteen emantzipaziorako eta mugikortasunerako online aholkularitza-zerbitzua. Horren osagarri, aurrez aurreko arreta bultzatuko da, udalekin lankidetzan. Lehenengo hitzarmena abenduan sinatu zen Bilboko Udalarekin. 2023an, hitzarmen berriak prestatuko dira 50.000 biztanletik gorako beste udalerri batzuekin.
  • 4. lehentasuna. Gazteen emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategian aurreikusitako gainerako jardueren sailarteko betearazpena dinamizatzea eta koordinatzea.

Bigarren helburua. Gazteei laguntzeko zerbitzuak indartzea eta parte hartzeko eredu berriak sustatzea

Saratxagak adierazi duenez, “Gazteriaren Legean ezarritako aurreikuspenen ildotik, lehentasunezko helburua da gazteei laguntzeko zerbitzuak indartzea eta parte hartzeko eredu berriak bultzatzea”. Esparru horretan, hiru lehentasun daude:

  • 5. lehentasuna. V. Gazte Plana berritzea 2023ko martxorako. Gazteek beren bizi-proiektuak autonomiaz garatzeko baldintzak sortzea du helburu. Gazte Plan berri honen egitura berritu egingo da, eta hiru ardatz izango ditu:
    1. Emantzipazioa (bizitzea): enplegua, etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia.
    2. Garapena (gozatzea): osasun integrala, hezkuntza, kultura eta euskara, aisia eta asialdia.
    3. Eragina (eraldatzea): parte-hartzea, berdintasuna, aniztasuna, bizikidetza eta klima-aldaketa.
  • 6. lehentasuna. 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako Gazte Txartel digital berria abian jartzea. Uda baino lehen, bertsio digitala eskainiko da, prestazio berriekin. Txartel horren abantailez gain, beste Autonomia Erkidego batzuetako eta Europako 38 herrialdetako abantailak gehitzen dira.
  • 7. lehentasuna. EGKrekin eta Gazteen Euskal Behatokiarekin koordinatuta, gazteek parte hartzeko eredu berriak bultzatzea. Aurreikuspenen arabera, akordio hori martxotik ekainera bitartean gauzatu ahal izango da, bigarren seihilekoan gauzatzeko.

Hirugarren helburua. Gazte-politika publikoen gobernantza- eta plangintza-tresnak eguneratzea

Gazteria zuzendariak gaineratu duenez, iazko martxoan Gazteriaren Legea onartu zenetik, “gazteriaren arloko gobernantza- eta plangintza-organoak berritzeko prozesu oso garrantzitsua ari da gauzatzen. Horrek esan nahi du administrazio publiko guztiek lehen mailako garrantzia ematen dietela gazteria-politika publikoei”. Hiru lehentasun zehaztu ditu hirugarren helburu horren barruan:

  • 8. lehentasuna. Gazteen 2/2022 Legea erregelamendu bidez garatzea. Horrekin batera, 2023ko lehen seihilekoan, Euskadiko Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoa eta Sailarteko Batzordea eratzea.
  • 9. lehentasuna. Euskadiko gazteriaren arloko 2030 Euskal Estrategia prestatzea eta onartzea. Euskal administrazio publikoek gazteriaren arloan esku hartzeko ildoak eta gidalerroak garatuko ditu. Lehentasunak zehaztea eta jardueretan, zerbitzuetan eta ekipamenduetan maila homogeneoak bermatzea du helburu. 2023an zehar prestatuko da, eta abenduan behin betiko onartzea aurreikusten da.
  • 10. lehentasuna. Aisialdi Hezigarria Koordinatzeko Mahaian aisialdiko hezkuntza sustatzeko estrategia adostea. Haren helburua da aisialdiko taldeak sendotzea, pilotajeak garatzea eta sareen arteko eta sektore publikoarekiko lankidetza indartzea. Lehen seihilekoan zehar aurreikusten den akordioak hezkuntza-aisialdiko taldeei laguntzeko sistema zehaztuko du, bai eta hezkuntza-aisialdiaren gizarte-ekarpenari buruzko komunikazio-kanpaina bateratua egitea ere.