Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak Uztaberri Eguneko ekitaldietan parte hartu du Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozekin batera. Ohiko ekitaldi horretan, ardogileek ateak ireki ohi dituzte azken mahats-biltzeko ardo gazteak ezagutzera emateko. Goizean zehar, upategiak eta gastronomiaren arloko postuak bisitatzeaz gain, ekitaldian esportatutako ardoen bilakaerari buruzko informazioa eman dute.
Lapuebla de Labarcan Tapiak honako hau jakinarazi du: “ziurgabetasun eta inflazio handiko aldia izan da, eta ardoaren mundu mailako merkataritzaren joerari jarraikiz, Errioxa Jatorri Deiturako Arabako ardoen esportazioek % 16,9 egin zuten behera bolumenari dagokionez; hala ere, balioari eutsi zioten (-% 2,6), litroko 6,92 euroko batezbesteko prezioari esker, 2021eko aldi berean erregistratutako prezioarekin alderatuta euro bat igo baita”.
Izan ere, lehenengo hamabost merkatuetatik hamalau merkatutan (Frantzian izan ezik gainerako guztietan) prezioak nabarmen egin zuen gora. Merkatuen eboluzioa interesgarria izaten ari da; izan ere, salmentak Europatik Ipar Amerikara lekualdatu dira, eta gora egin dute nabarmen AEBetan, Kanadan eta Mexikon; halaber, nabarmen egin dute behera Erresuma Batuan, Suitzan, Alemanian, Irlandan, Suedian, Norvegian, Herbehereetan eta abarretan.
2022ko urtarrila-azaroa aldiko datu orokorrak
Errioxa Jatorri Deituraren Arabako ardoen kanpoko salmentak 21,2 milioi litrotatik hurbil egon ziren. Batezbesteko prezioak % 18,6 egin zuen gora 2021eko prezioarekin alderatuta, eta, horren ondorioz, fakturazioa ez da ia murriztu ere egin (146,7 milioi euro). Barietateen arabera eta bolumenari dagokionez, ardo zuriek ardo gorri eta beltzek baino gehiago egin zuten behera, baina fakturazioa handiagoa izan zen, batezbesteko prezioak gora egin baitzuen nabarmen. Errioxa Jatorri Deituraren Arabako ardoen esportazioak azken 11 hilabete hauetan Euskal Autonomia Erkidegoan esportatutako ardoaren bolumenaren % 49 eta balio totalaren % 68 izan ziren.
Arabak, Errioxa Jatorri Deiturako ardoa mundu mailako 97 merkatura esportatu zuen 2022ko urtarrila eta azaroa bitartean. Erresuma Batuak mundu mailako jaitsiera markatu zuen, baina, bolumenari dagokionez, lehenengo merkatua izan da berriro ere. Estatu Batuen kasuan, berriz, erritmo paregabean hazi dira, eta laugarren postutik bigarenera igaro zen Suitza eta Alemania gainditu ondoren. AEBko hazkundea are nabarmenagoa izan da balioari dagokionez, eta lehenengo merkatua da orain. Erresuma Batua eta Suitza gainditu ditu, bi herrialdeek izan dituzten jaitsieren ondorioz. Mexikoren kasuan, litroko prezioa 7,66 €-koa izan zen, britaniar merkatuan baino 3 € gehiago.
Estatu Batuetako hazkundea nabarmena izan da, eta horrek, Kanadan eta Mexikon erregistratu denarekin batera, Errioxa Jatorri Deiturako Arabako esportazioen momentu paregabea berresten du. Hortaz, salmentek gora egin dute Dominikar Errepublikan, Kolonbian, Australian edo Arabiar Emirerri Batuetan; totala kontuan hartuta, aipatutako merkatu horiek oraindik ez dute kuota gehiegirik, baina aurreikuspenak oso onak dira.
COVID-19aren pandemiak eragindako krisia gainditu eta 2021. urtean errekor historikoak erregistratu ondoren, ardoaren mundu mailako merkataritzan 2022a ziurgabetasun handiko urtea izan da, nahiz eta aurreikusi zen hazkundea finkatu egingo zela. Mundu mailako inflazio handia eragin dute, besteak beste, Errusiak Ukraina inbaditzeak, garraioaren eta materialen hornikuntzaren krisiak edo energia eta erregaien garestitzeak. Ardoaren mundu mailako esportazioa bolumena galtzen ardi den arren, fakturazioa handitu egin da, prezioen igoeraren ondorioz. Errioxa Jatorri Deituraren Arabako esportazioek joera bera agertu dute; hala ere, prezioek gora egin zuten pandemiaren aurreko urteetan, balio erantsia sortzeko estrategia argi baten ondorioz.
Zenbait laguntza-ildo
Euskal ardoak mundu mailako egoera korapilatsuan kokatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak enpresei zenbait sustapen- eta finantza-ildo eskaintzen dizkie. Gehienak Basque Wine Office bulegoaren bidez kudeatu dira, zeinak Arabako Errioxako upategiek eta Txakolinaren hiru jatorri-deiturek nazio eta estatuko zein nazioarteko merkatuan abiarazitako estrategiari lagundu eta hura indartzen baitu.
Bulegoak laguntza tekniko ete enpresariala emateaz gain, informazioa, berrikuntza eta ikerketa ahalbidetu eta nazioartekotzea lantzen du. Eusko Jaurlaritza, bulegoaren bidez, nazioarteko merkatuaren zailtasunei aurre egiteko zenbait neurri abiarazi ditu, hala nola azoketan parte hartzeko babes handiagoa, merkataritza-misioak antolatzea, etab. Jarduketa horien helburua da euskal upategiek bereizketaren eta kalitatearen alde egiten duten apustua mundu mailan aurkeztea, egiteko modu hori bultzatuz eta babestuz, sektorearen aurkezpen gisa.
Finantza-laguntzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak urtero deitzen ditu laguntzak ardogintzako produktuak hirugarren herrialdetan sustatzeko eta ezagutzera emateko; laguntza horiek jatorri-deitura batek edo adierazpen geografiko babestu batek babestutako ardoetara edo mahats barietatea aipatzen duten ardoetara bideratuta daude. 2018az geroztik, guztira 184 enpresak jaso dute finantzaketa eta inbertsioen zenbatekoa 115 milioi ingurukoa izan da (55 milioi inguru dirulaguntzatik jaso dira).
Halaber, duela gutxi, Eusko Jaurlaritzak 2023 urterako laguntzen deialdia ireki du, eraldaketa-instalazioetan eta mahastizaintzako eta ardogintzako azpiegituretan egiten diren inbertsio materialak eta immaterialak finantzatzeko, bai eta sektore horretako merkaturatze-egituretako eta -tresnetako inbertsioak finantzatzeko ere. Laguntzak aurkeztutako gastuen % 25 eta % 50 ordaintzera bideratuko dira, eta itzuli beharrik gabeko laguntzak izango dira. Aurreko deialdietan aurkeztu diren gastuen kopurua hamar milioi euro ingurukoa izan da; hortaz, aurtengo kopurua antzekoa izatea aurreikusten da, inbertsioari zein laguntzei dagokienez.