Javier Hurtado sailburuak: “Berrikusi plataformak hiri-ekonomia eraldatzeko bere proiektu handian aurrera egiten lagunduko dio Zumarragari”

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Berrikusi Zumarraga proiektua aurkeztu du gaur, Zumarragako alkate Mikel Serranorekin eta Merkataritzako zuzendari Elena Morenorekin batera. Berrikusi programa esperientzia pilotu gisa sortu zen Laudion duela urtebete inguru, tokiko ekonomien suspertzea sustatzeko, hiriko merkataritza-eremuan gertatzen diren jarduera guztiak dinamizatuz, besteak beste merkataritza, ostalaritza, zerbitzuak, turismoa, aisia, kultura edo kirola.

“Programa pilotu arrakastatsu honen ondoren, beste udalerri batzuetara zabaltzen ari gara dagoeneko” gogorarazi du sailburuak. “Eta ez da kasualitatea Zumarraga izatea udalerri horietatik lehena proiektua zabaltzen. 2016an hasi zen, konpromiso argi bat erakutsita hiri-ekonomiako proiektu handi batekin, eta hirigunea sakonetik eraldatzera ekarri du horrek. Proiektu sendoak behar ditugu, alkate eta udal ordezkari ausartak buru dituztenak. Arriskuak hartzeko eta ikuspegi zabaleko proiektuen aldeko apustua egiteko gai diren alkate eta udalerriak, hiri-habitat berri batera begira, epe luzera begira”

Sailburuak azaldu duenez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak tamaina horretako proiektuak babestuko ditu, 2030erako Merkataritzaren Euskal Estrategiak berak ibilbide hori aipatzen duelako, lehentasunezkotzat jotzen baitu hirigunea ardatz nagusi duten merkataritza dinamizatzeko proiektuak abian jartzea eta bultzatzea.

Udaleko merkataritza-guneak politiken eta laguntzen elkargune izan behar du. Hiri-habitata aldatzen ari da, eta espazio jasangarriago baterantz eraldatzen lagundu behar dugu, hirigintza komertzial berritu batekin. Azterlanek erakusten dutenez, hirien jasangarritasunak eta oinezkoentzako jarduerak, besteak beste, merkataritzaren, ostalaritzaren eta lotutako beste zerbitzu batzuen onurak hobetzen laguntzen dute. Hiri gizatiarragoak, eraginkorragoak eta jasangarriagoak egiteak eragin nabarmena du negozio komertzialen eta beste mota batzuetakoen bilakaeran”.

Horregatik, sailburuak aztertu duenez, Berrikusi proiektua beste urrats bat da digitalizazioa eta gizarte-kohesioa bultzatzeko, Zumarragako herritarrei eta saltokiei elkargunerako plataforma bat eskaintzen baitie, Zumarragako bizitza kulturala, soziala eta ekonomikoa auzokideen eskutik eramango duena. App plataformaren bidez, Berrikusik udalerriko bizilagunei kultur eta kirol ekitaldien, zerbitzuen, merkataritza-sustapenen, enplegu-eskaintzen, ostalaritzaren, aisialdiaren eta abarren berri emango die. Horrela, elementu dinamizatzaile, erabilgarri eta proaktibo bihurtuko da, ezinbestekoa izango dena gure herrietan merkataritza hurbil, prestatu eta lehiakor bat sustatzeko ere.

“Bestetik, Berrikusik merkataritzaren arima izateko bokazioa du, saltokiei, enpleguari, planei, jarduerei, ordutegi interesgarriei, zozketei eta abarri buruzko informazio-gune gisa balio dezakeelako”. Baina, horrez gain, Berrikusik erabiltzaileen interakzioak erabiltzen ditu, zozketen, kanpainen eta mugimendu-fluxuen bidez. Horrela, erabiltzaileen beharretatik ikas dezake, haiei eduki hobeak eskaintzeko eta ekintzak eta ekitaldiak modu eraginkorrago batean planifikatzeko.