URAk Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko obren lehen faseari ekin dio Akarregi-Ergobia tartean

0
  • Urumean jarduketa berri bat; Astigarraga eta Hernanin uholde-arriskua nabarmen murrizteko; bigarren fase batekin osatzekoa
  • Fase honen aurrekontua 3,2 M €-koa da; delako ebakidura lehorra 2023ko ekainean bukatzea aurreikusten da; 2. fasea 2024an egingo da trenbide-sare berriko lanak amaitutakoan

URA-Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko obren lehen zatiari ekin dio, Akarregi-Ergobia tartean. Xedea: Astigarraga eta Hernanin,  uholde errepikakor eta naturalei aurre egitea, inguruan segurtasuna nabarmen areagotzeko.

Hala egiaztatu dute gaur  Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak eta Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak, Antonio Aiz URA-Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiarekin eta obra hidraulikoetako talde teknikoarekin batera.

Sailburuak nabarmendu duenez, “Urumeako ur-goraldien aurrean, jarduerak aukera emango du hernaniarren eta astigarragatarren segurtasun-maila hobetzeko, eta, aldi berean, Urumeari hedapen segururako eremu bat emango zaio euri mardulak ematen direnerako; bestalde, horrela, ibaiertzetako erabileren eraginak murriztuko dira, bai inguruko bizitegi-zonetan, bai eremu horretako jarduera ekonomikoan”.

Tapiak ingurunean uholde-arriskua murrizteko aprobetxatutako aukera azpimarratu du: ibaiaren portaera naturala imitatuz, hedapen-eremu seguruak sortu dira eta, aldi berean, ibaiertzeko erabilerak lehengoratu. Bidenabar, ur-gutxiko sasoietarako ibai-parke bat sortu da, udalerrian hedapen-eremu berria izan daitekeena.

Lehen fase honetako obraren aurrekontua 3,2 milioi eurokoa da, eta lanak ekainean amaitzea aurreikusten da. Hala ere, 2. faseak barne hartzen duen jarduketa globala 8 milioi eurora iritsiko da. 2. faseko obrak 2024. urtearen hasieran lizitatu ahal izatea aurreikusten da, dauden trenbide-obren baldintzatzaileak bukatutakoan.

URAk planifikatutako jarduketa berri bat da, Urumearen hazkunde natural errepikakorrei  aurre egiteko eta ingurunean erresilientzia handitzeko. 2022an amaitu zen Martuteneko eta 27. poligonoko zubien artean egindako ibilguaren handitzea, eta URAk Urumea ibaiaren ur-goraldien aurka defendatzeko egindako inbertsio osoa 35 milioi eurokoa da dagoeneko.

Uraren Euskal Agentzia ibaian gora doa oraingoan, jarduketa berri bati ekiteko: Astigarragara eta Hernanira, hain zuzen ere. Akarregi-Ergobiako meandroan delako ebakidura lehor labur bat sortzean datza lana . Hau da, ur askoko sasoietan bakarrik funtzionatuko duen kanal bat, inguruan uraren laminaren altuera murriztea ahalbidetuko duena.

Akarregiko meandroko ebakidura lehor hori egin ahal izateko, beharrezkoa da, halaber, ibilgua zabaltzea eta plataformak egitea ibaiaren ezkerreko eta eskuineko ertzetako hainbat zatitan. Horrek esan nahi du handitu egingo dela ur askoko sasoietako emari mardulen hustubiderako erabilgarri dagoen sekzio erabilgarria.

Lehen fase honetan, halaber, meandroaren ezkerraldea egokitzen ari dira. Euskal Y-aren obrak amaitzen direnean (Hernani-Astigarraga tartea), eta lurzoruak aske direnean, eskuineko ertza egokituko da, eta Ergobiako zubia berrituko da (2. fasea).

Jarduera multzo honek Astigarragan eta Hernanin ur-laminaren altuera murrizteko diseinatutako portaera hidraulikoa lortu nahi du. Aldi berean, inguruko ibaiertzeko espezie autoktonoak landareztatzen dira, eta ibilguan ikusitako espezie inbaditzaileen aurka egiten da.

Proiektu hau Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan gauzatzen da – NextGenerationEU.