Osakidetzak bere webgunean irekiko du bihar erakundearen enplegu publikoaren eskaintza berrirako izen-ematea

0

Eskaerak martxoaren 20ra arte izapidetu ahal izango dira 

7.639 plazarekin erakunde publikoaren historiako Enplegu Publikoaren Eskaintza handiena da

 

Osakidetzak bihar irekiko du Enplegu Publikoaren Eskaintza berrirako izen-ematea. 2020-21-22-Egonkortzeko EPEa da. Guztira 7.639 plaza jartzen ditu mahai gainean, eta horrek Osakidetzaren historiako prozesurik jendetsuena bihurtzen du enplegu publikoa egonkortzeari eta finkatzeari dagokionez.

 

Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 20an amaituko da, 14: 00etan, eta, ahal dela, Osakidetzaren web-orrian sortutako gunearen bidez izapidetu ahal izango dira. Lehen azterketak udatik aurrera egingo dira.

 

Deialdia Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren 2020-2024 Esparru Estrategikoan jasotako erronkei erantzuteko sortu da. Esparru horrek, pertsonalaren arloan, enplegua finkatzearen alde egiten du, plantilla handitzeko neurriekin, eta horrek Osakidetzaren lan-egonkortasun handiagoa ekarriko du. Gainera, 2021eko maiatzaren 11ko Osasuneko Mahai Sektorialean hartutako konpromisoak betetzen ditu.

 

Guztira, 7.639 plaza eskainiko dira. Horietako asko, 6.082, EPE batean jarraitzen den ohiko prozesuaren bidez eskaintzen dira: lehiaketa/oposizio sistema, hau da, azterketatik eta merezimendu profesionaletatik (esperientzia, prestakuntza, hizkuntzak…) lortzen diren puntuazioen batura kontuan hartuta. Hala ere, lehen aldiz eta salbuespen gisa, plaza horien zati bat eskuratzeko, zehazki 1.557 plaza, hautaketa-prozesuak lehiaketaren sistemari jarraituko dio, hau da, merezimenduak bakarrik baloratuko dira. Egonkortzeko EPEak dakarren berrikuntza da.

ZER DA EGONKORTZEKO EPE-A?

 

Normalean, EPE batean eskaintzen diren plazen kopurua birjarpen-tasa esaten zaionaren arabera kalkulatzen da, hau da, Osakidetzako profesionalak erretiratu edo hil ondoren urte horretan hutsik geratzen diren plazen arabera. Kasu honetan, 2020ko, 2021eko eta 2022ko birjarpen-tasak batuz gero, guztira 3.916 plaza eskain daitezke.

 

Baina, horrez gain, deialdi honetan sartzen dira Egonkortzeko EPEko plazak, Behin-behinekotasuna Murrizteko Premiazko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen aginduari erantzunez sortzen direnak. 3.723 dira guztira, eta horietatik 2.166 lehiaketa/oposizio sistemaren bidez eskaintzen dira (azterketa eta merezimenduak), eta 1.557 lehiaketa-sistemaren bidez (merezimenduak bakarrik).

 

IZEN-EMATEA

 

Aukeretako edozeinetan parte hartu nahi bada ere (lehiaketa/opsizio blokean eta lehiaketa blokean, edo lehiaketa blokean bakarrik), inskripzioa bakarra izango da eta tasak behin bakarrik ordaindu beharko dira.

 

Izena emate hutsagatik, guztiek parte hartu ahal izango dute lehiaketa blokean eta azterketarik egin gabe eskaintzen diren 1.557 lehiaketetan parte hartu ahal izango dute. Ondoren, izangai bakoitzak erabakiko du oposizio-faseko ariketetara aurkeztu ala ez, lehiaketa/oposizio blokeko gainerako plazetara (6.082) ere aurkeztu ahal izateko.

 

Osakidetzaren web-orriak gune bat prestatu du 20-21-22 LEParekin lotutako kontsulta guztiak egin ahal izateko, oinarri orokorrak eta espezifikoak ezagututa, eskuragarri dauden kategoriak kontsultatuta edo deialdira aurkezteko eskaera eginda. Web-helbide hau da: https://www.osakidetza.euskadi.eus/profesionalak/-/enplegu-eskaintza-publikoa-ope-2020-21-22-egonkortzea/

 

Salbuespen gisa, izen-ematea bide telematikoen bidez egin ezin duten pertsonek presentzialki eman ahal izango dute honako leku hauetan: Donostiako Unibertsitate Ospitalean, Basurtuko Unibertsitate Ospitalean (Bilbo) eta Osakidetzako zerbitzu zentraletan (Gasteiz).