Miren Elgarresta: “Gure helburua da 2030erako Euskadi soldata-arrakala txikiena duten Europako herrialdeen artean kokatzea”

0

Soldata berdintasunaren aldeko Europako Egunaren bezperan, Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, ONCEren bi kupoiren aurkezpenean parte hartu du gaur. Kupoi horiek Soldata Berdintasunaren Egunari eta Emakumeen Nazioarteko Egunari buruzkoak dira. Aurkezpen horretan, Emakundeko zuzendariak gogorarazi du “gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala arazo konplexua dela, egiturazkoa eta dimentsio anitzekoa, eta horretan inplikatutako eragile eta esparru guztiek parte hartu behar dutela”. Ildo horretan, Emakundetik koordinatzen den Eusko Jaurlaritzaren Soldata Berdintasunerako Estrategia horren adibide bat dela defendatu du, izan ere, Jaurlaritzako zazpi departamentu daude honetan inplikaturik.

“Une honetan, estrategia horren barruan, 2022-2025 Ekintza Plan Operatiboa bultzatzen ari gara”, esan du Elgarrestak. Plan horren helburua da, adierazi duen bezala, “2030erako Euskadi soldata-arrakala txikiena duten Europako herrialdeen artean kokatzea”. Une honetan, soldata arrakala % 17,9koa da Euskadin, eta horrek esan nahi du gizon batek batez beste 5.914 euro gehiago kobratzen dituela urtean emakume batek baino.

Soldata-arrakala murrizteko erronken artean, Emakundeko zuzendariak honako hauek nabarmendu ditu: “lanbide-segregazioa murriztea, sexuaren araberako okupazio-segregazioa baita soldata-arrailean gehien eragiten duen faktorea, % 35eraino; berdintasunetik eta berdintasunerako hezkuntzan sakontzea, rolak eta estereotipoak gainditzen joateko; gizarte-erantzukidetasuna bultzatzea, gizonen inplikazioa areagotuz; eta zaintzak demokratizatzea, instituzioen, pertsonen eta familien zaintzaren oreka berria lortzeko, lehenengoa indartuz”.

Elgarrestak, halaber, eskerrak eman dizkio ONCEri ekimenarengatik eta desgaitasuna duten pertsonekin egiten duen lanagatik, eta adierazi du argi duela berdintasun-politiken helburua dela gizarte bat eraikitzea zeinetan pertsona guztiak libre izango diren beren gaitasunak garatzeko eta erabakiak hartzeko, rol sexistek ezarritako mugarik gabe, eta pertsona horien guztien artean desgaitasuna duten emakumeak daudela azpimarratu du.