Jokin Bildarratz eta Nerea Melgosa sailburuak UNEDen “Now is Africa” gelaren inaugurazioan, Gasteizen

0

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak parte hartu dute gaur goizean UNED unibertsitatearen Gasteizko egoitzan kokatutako “Now is África” gela berriaren aurkezpenean. Gune berri horrekin, Mujeres por África Fundazioak egoitza bat izango du Euskadin, eta Emakumea eta Zientzia gaiari eskainitako gune bat Gasteizko apaizgaitegi izandakoan dituen instalazioetan.

Aurkezpen ekitaldian, Bildarratz sailburuak txalotu egin du UNEDek eta Mujeres por África Fundazioak sustatutako ekimen solidarioa, eta bat egin nahi izan du emakumearen lanaren aitortzarekin, hiru eremu hauetatatik: emakumea eta berdintasuna; ikerketa; eta Afrika. Adierazitako lehen eremuari dagokionez, Hezkuntza Sailak duela urte batzuetatik abian duen STEAM Euskadi Estrategia aipatu du. Gazteen artean bokazio zientifiko eta teknologikoak pizteko helburua du estrategia horrek, bereziki neskei arreta eskainiz. “Ikastetxeetan, txiki-txikitatik, STEM bokazioekiko sentsibilizazio hori lantzen ari gara”, azaldu du.

Bildarratzek berretsi du, halaber, ikerketa Eusko Jaurlaritzaren apustu estrategikoa dela datozen urteetarako, eta gogorarazi du alor horretarako inbertsioa % 12 handitu dela azken urtean. Emakumeak gero eta presentzia handiagoa du Euskadin zientzian eta ikerketan, eta horri dagokionez, sailburuak datu bat eman du: Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak kontratatzen dituen ikertzaile berrien ia erdia emakumeak dira egun, ibilbide zientifiko oparoa edo erabat finkatuta duten emakume ikertzaileak.

Azkenik, Afrika ere hartu du hizpide, eta bereziki emakumeak Afrikan etorkizunera begira izan dezakeen paper ikaragarriari buruz aritu da, hezkuntzan zein Lanbide Heziketan. Ildo horretan, nabarmendu du kontinente horretako pertsonen %70 30 urtetik beherakoak direla, eta 2100 urterako munduko biztanleriaren % 40 afrikarra izatea espero dela. “Afrikarentzako aukera, guztiontzako aukera”, esanez amaitu du.

Now is Africa

Now is Africa izena du Mujeres por África Fundazioaren «Ellas Investigan» programako zientzialarien sareak. Gaur goizeko ekitaldian UNEDeko errektore Ricardo Mairal izan da buru, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, Arabako diputatu nagusi Ramiro González Vicente, eta Mujeres por África Fundazioko zuzendari Teresa Langle de Paz. Eusko Jaurlaritzako eLankidetzako arduradunak eta unibertsitateetako zuzendaritza akademikoak ere bertan izan dira.

Irekierako ekitaldi instituzionalaren ondoren, Margarita del Val birologo eta immunologoak, Afrikako Emakumeen Batzorde Zientifikoko kideak, eremu zientifikoan emakumeak duen egoeraz hitz egin du, eta “Emakume zientzialari afrikarren lidergoa” gaiari eskainitako Ellas Investigan programan parte hartzen duten lau emakume ikertzaile afrikarren arteko elkarrizketa moderatu du: Ehimwenma Sheena Omoregie (BioGurutzeta); Sabah Ben Fredj Melki (BioGurutzeta); Gloria Dada (Carlos III Osasun Institutua) eta Amira Kebir- (The Basque Center for Applied Mathematics).

Ellas Investigan programa 2014an hasi zen, eta zortzigarren edizioa du orain. Senior zientzialari afrikarrak ditu, sei hilabeteko egonaldietan estatuko zentroetan ikertzen dutenak. Bost zentro elkarturekin hasi zen, eta orain 30 baino gehiago ditu. Orain arte, Afrikako herrialde askotako 150 emakume zientzialarik hartu dute parte.

Euskadi da programako zentro laguntzaile gehien dituen erkidegoa –zortzi– eta orain arte 35 ikertzaile hartu ditu. Mujeres por África Fundazioak eskertu egin ditu “UNEDek eta Euskadiko erakunde publiko guztiek erakutsitako sentikortasuna eta eskuzabaltasuna programa zientifiko hau eta emakumeek Afrikan egiten duten zientzia babestean”.

2012an sortu zenetik, Afrikako kontinentearen garapenean laguntzeko lanean ari da Mujeres por África Fundazioa eta, horretarako, babesa eta laguntza ematen die bertako emakumeei, haiek baitira beren “aurrerabidearen eragile”. UNEDekin duen akordioari esker, «Emakumeak eta zientzia – NOW IS AFRICA gela» ezarri du Gasteizko UNEDi atxikitako zentroan, gai horiei buruz antolatzen dituzten ekitaldietarako, betiere Afrikari lotuta.