- Iñigo Urkullu Papresa enpresaren uren tratamendurako planta berriaren inaugurazioan izan da; bertan prentsa-papera eta enbalajea fabrikatzen dira
- 2050ean “zero emisioetarako” trantsizioan enpresei laguntzearen alde egin du
Lehendakaria Papresa enpresaren urak tratatzeko planta berriaren inaugurazioan izan da gaur goizean, Errenterian. Enpresa honek prentsa-papera eta enbalajea fabrikatzen ditu. Bertan, Urkulluk klima-aldaketa gainean dugun errealitate bat dela ziurtatu du, eta guztiok interpelatzen gaituela. Horregatik, trantsizioaren bidea elkarrekin egitera animatu du, 2050ean NET-Zero, zero emisio, lortzeko helburuaren bila. “Aurrerapenak ingurumenarekiko konpromiso sendoa izan behar du lagun, eta konpromiso hori ez da aukera bat, betebeharra baizik. Baita enpresentzat ere”, esan du.
Puntu honetan, eskerrak eman dizkio 125 urteko ibilbidea duen Papresa enpresari lantegi berri honen alde egindako apustuagatik, eta enpresei ingurumenean duten eragina gutxitzen laguntzearen alde agertu da. Euskal enpresak dibertsifikatzen ari direla ziurtatu du baina “trantsiziorako denbora behar dute», eta gogorarazi du 2005 eta 2020 artean isurketak % 48 murriztu direla. “Etxeko lanak egiten ari zarete – adierazi du-, baina, betiere, enplegua eta ekoizpen-sarea babestuz”.
Hitzaldiaren beste une batean, Iñigo Urkulluk nabarmendu du euskal ekonomia produktiboak 32.000 milioi euroko esportazioak gainditu zituela iaz, lehen aldiz, eta, aldi berean, “autokonplazentzian” ez erortzeko, bikaintasuna bilatzen jarraitzeko, behin eta berriz geure burua berrasmatzeko eta ezberdina den zerbait eskaintzeko deia egin du. “Hori da sekretua merkatuan mantendu eta historian zehar irabazi dugun tokia babesten jarraitzeko”, adierazi du.
Inaugurazioaren ondoren, Lehendakariak, Arantxa Tapia sailburuak eta gainerako bertaratutakoek instalazio berriak bisitatu dituzte. Instalazio horrek enpresaren jardueraren karbono-aztarna gutxituko duen urak tratatzeko sistema berri bat du.