Osakidetzak Errekaldeko osasun-zentroko administrazio-arloa berritu du

0
PRUEBA

240.000 euro inbertitu dira zentroan herritarrei arreta emateko eredu hurbilagoa, integralagoa eta pertsonalizatuagoa hedatzen jarraitzeko

 

Osakidetzak talde-lana oinarri duen arreta eskaintzeko dihardu lanean Lehen Mailako Arretako profesional bakoitzak herritarren behar desberdinei erantzun ahal izateko

 

 

Osakidetzako Errekaldeko (Bilbo) osasun-zentroak dagoeneko badu administrazio-eremu berritu eta moderno bat, Bizkaiko hiriburuko auzo horretako bizilagunei ematen zaien arreta hobetzeko aukera emango duena. Obra hau ez da berrikuntza puntual bat; Osakidetzaren estrategia korporatibo bati erantzuten dio, arreta-eredu hurbilagoa, integralagoa eta pertsonalizatuagoa hedatzeko.

 

Osakidetzak 240.000 euro inbertitu ditu administrazio-arlo hori berritzeko, eta argiztapena, erosotasun akustikoa eta ingurune atsegina eta modernoa eskaintzen duten materialak hartu ditu kontuan. Helburu hori lortzeko, aldaketa nagusietako bat izan da ohiko mostradoreen ordez mahaiko arreta-guneak jartzea, erabiltzaileari esertzeko eta arreta gizatiarragoa eta pertsonalizatuagoa jasotzeko aukera ematen diotenak, konfidentzialtasuna ere bermatuz. Era berean, call center gune bat dago, telefono bidezko arreta eta aurrez aurrekoa ahal den neurrian bereizteko.

 

TALDE-LANA

 

Bere diseinuak Eskariaren Kudeaketa eredutik eratorritako behar berrietara egokitzen ditu arreta-eremuak, hau da, Lehen Mailako Arreta osatzen duten profesionalen talde-lanera. Horren ondorioz, Osakidetzak herritarren beharrak identifikatzen ditu eta profesional egokienarengana bideratzen ditu, behar horiei ahalik eta modu eraginkorrenean erantzuteko. Horrek esan nahi du profesional bakoitzak, administrazio-arloetan lan egiten duten pertsonak barne, herritarrei kalitatezko arreta eskaintzeko gaitasuna duela.

 

Osakidetzak azpimarratu du administrazio-arloek bitartekaritza- eta errazte-eginkizuna betetzen dutela erabiltzaileentzat, ahalik eta tramite gehien ebazten dituztelako eta eskaerak dagokion zerbitzura bideratzen dituztelako; horrela, erantzun eraginkorra ematen dute, arreta integratua eta jarraitua ahalbidetzeko.

 

 

 

ADMINISTRAZIO-ARLOKO LANGILEAK: ZERTAN LAGUN ZAITZAKETE?

 

  • Zure beharren arabera kudeatzen dituzte zitak. Behar duzuna zehazten badiezu, lana erraztuko diezu eta zure egoera konpontzen lagunduko dizute.
  • Zure kontsultak eta probak tramitatzen dituzte, bai osasun-zentroan, bai zure erreferentziazko ospitalean.
  • Arretarekin eta osasun-zerbitzuekin lotuta behar duzun guztiari buruzko informazioa eman ahal izango dizue, baita zure zentroan edo komunitatean garatzen diren osasun-programei buruzkoa ere.
  • Behar dituzun administrazio-tramiteak errazten dituzte (laneko baja- edo alta-parteekin, medikazioarekin, bolanteekin, osasun-txartelarekin edo osasun-karpetarekin lotutakoak).
  • Helarazi nahi dizkiguzun iradokizunak edo erreklamazioak jasotzen dituzte.

 

 

ERREKALDEKO KONTSULTATEGIAREN EZAUGARRIAK

 

Errekaldeko osasun-zentroan egindako obra hori Lehen Mailako Arretako azpiegiturak berritzeko planean jasota dago. Planak, 2021az geroztik, 14 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu Osakidetza osoan osasun-zentroak modernizatzeko eta ekipamendu berriak eraikitzeko.

 

Errekaldeko Lehen Mailako Arretako Unitateak Bilboko auzo horretako 25.000 pertsonari ematen die zerbitzua. Zentroak 4.250 metro karratu erabilgarri ditu guztira, 5 solairutan eta sotoan banatuta, lehen mailako arreta eta ospitalez kanpoko arreta hartzen dituztenak. Ospitalez kanpoko 12 espezialitate medikoek eragindako beharrei erantzuteaz gain, lehen mailako arretan, 296.465 kontsulta artatzen dira urtero Errekalden: 136.649 kontsulta mediko, 24.382 pediatriakoak, 3.619 odontologiakoak eta 135.434 erizaintzakoak (horietatik 9.358 emaginen kontsultak dira).