- Aire zabaleko sekzio handiagoa eman nahi zaio izenik gabeko errekasto bati 350 metrotan zehar: orain arte, tutuez bideratua eta estalia
- Jarduketaren aurrekontua 200.000 €-koa da, BEZa barne, eta gauzatzeko epea 3 hilabetekoa da
URA-Uraren Euskal Agentzia —Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikia— Gatikako Garai auzoan izenik gabeko errekasto baten 350 metroko tarte bat lehengoratzeko lanetan ari da; Butroi ibaian elkartzen dena.
Jarduketaren aurrekontua 200.000 €-koa da, BEZa barne, eta gauzatzeko epea 3 hilabetekoa da. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF 2021-2027) finantzatzen du proiektu hori.
Ibilguaren tartearen egungo kanalizazioak eta estaldurak kendu nahi dira, aire zabalean jariatzeko, eta, gainera, ur-goraldien emariak hartzeko adinako edukiera duen sekzioa eman nahi zaio. Alegia, aire zabaleko trazadura berreskuratu nahi da, egungoa baino ibilbide naturalagoa eginez: errepideaz parez pare, behar adina aldenduz.