Josu Erkoreka: «Euskadin egiten diren delitu gehienetan, biktimak erasotzailea ezagutzen du»

0

Lehen Lehendakariorde eta Segurtasuneko Sailburua, Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote, gaur arratsaldean, Cadena Ser irratiko “La Ventana Euskadi saioan. Bertan, besteak beste, 2022ko delinkuentzia-datuei buruz hitz egin du. Segurtasuneko sailburuak azaldu du ezin dela diagnostiko bakarra egin, delitu-tipologiaren arabera delituen portaera desberdina baita. “Delitu mota batzuetan estatistikak behera egin du, adibidez, etxebizitzetan, enpresetan eta saltokietan indarra erabiliz egindako lapurretetan. Bestalde, indarkeria erabiliz egindako delituek, sexu-erasoek eta delitu informatikoek gora egin dute”, zehaztu du. Josu Erkorekaren arabera, delitu hauek gora egitearen arrazoiak desberdinak dira kasu bakoitzean.

Delitu informatikoen kasuan, bizitzaren digitalizazioa da arrazoia, “gure arteko harremanak digitalizatu diren bezala, delituek ere norabide hori hartu dute”. Gainera, sailburuak adierazi du delitu informatikoen ikerketak arrakastaz egitea zailagoa dela.

Sexu-erasoei dagokienez, esan daiteke delituen hazkundea gizartea kontzientziatzearen ondorio dela neurri handi batean,  lehendakariordearen arabera, “gehiago salatzen da eta ezkutuan zegoen errealitate bat azaleratzen da”. Horrelako delituetan, Erkorekak nabarmendu du ikerketen arrakasta handiagoa dela, “kasu gehienetan biktimak erasotzailea ezagutzen duelako”.

Arma zuriarekin eta objektu arriskutsuekin egindako erasoen gorakadari dagokionez, Segurtasun sailburuak azpimarratu du ezin dela esan goranzko joera estatistikorik dagoenik, “hilabete bateko datuek ez baitute joera estatistikorik ezartzen”. Gainera, gogorarazi du 2019ko urtarrilean 2023ko urtarrilean baino kasu gehiago izan zirela. “Gertatzen dena da eraso deigarriagoak gertatu direla, eta horrek alarmak piztu dituela”, gaineratu du. Hori horrela, Arma Zurien eta Objektu Arriskutsuen Erabileraren aurkako Ekintza Planaren esparruan, Erkorekak adierazi du prebentzio-neurriak hartzea erabaki dela, eremu gatazkatsuenetan agenteen presentzia areagotuz eta gaueko aisialdirako lokalak banan-banan aztertuko direla segurtasun neurriak areagotzeko. “Kasuistika oso heterogeneoa baita eta gaueko aisialdia inolako arazo edo gorabeherarik gabe garatzen den establezimenduentzat kaltegarriak izan daitezkeen neurri orokorrak saihestu nahi baitira”, gehitu du.

Ertzaintzak tratu txarren biktima diren emakumeei beren bikotekideek genero-indarkeriagatiko aurrekariak dituzten jakinaraziko dien galdetuta, Segurtasuneko sailburuak adierazi du Datuak Babesteko Euskal Bulegoari galdetuko zaiola legezkoa den ala ez babes bereziko datuak jakinaraztea, hala nola tratu txarren egileen aurrekari penalak. “Ziurta diezazuket Euskadin, genero-indarkeriaren biktimei buruzko protokoloarekin eta aplikatzen ditugun neurriekin, ez duela ondoriorik ekarriko biktimaren segurtasunean, horrelako daturik ez jakinarazteak”, gaineratu du.