Gogora Institutuak eta Galdakaoko Udalak Pedro Asua miliziano galdakoztarraren gorpuzkia berreskuratu dute Jakako hilerriko hobi batetik

0

Gogora, Memoriaren, Giza Eskubideen eta Bizikidetzaren Institutuak eta Galdakaoko Udalak herriko miliziano baten gorpuzkiak berreskuratzea lortu dute. Desobiratze lanak bertan egin ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak Jakako (Huesca) Udal Hilerriko hobi batetik gorpuzkia ateraz. Dokumentazio historikoa baliatuz aurkitu eta berreskuratu da Pedro Asua Zubiaurren gorpuzkia. Asua Izquierda Republicanari atxikitako Zabalbide batailoiko milizianoa izan zen gerra garaian eta 1938ko otsailaren 7an fusilatu zuten, Jakan, Gerra Kontseilu batek heriotza-zigorra ezarri ondoren.

Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko memoria-teknikaria, Galdakaoko alkate Iñigo Hernando eta Jakako udalbatzako kideak Jakako hilerrira bertaratu dira Aranzadi Zientzia Elkarteak lurpetik ateratzeko egindako lanen jarraipena egiteko.

Gorpuzkiak aurkitu, lurpetik atera eta identifikatzeko lanak Gogorak finantzatu ditu Eusko Jaurlaritza eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko hitzarmena baliatuz.

Galdakaoko Udalak, Pedro Asuaren familiak eskatuta, Ander Aperribai historialariaren zerbitzuak kontratatu zituen haren heriotzaren nondik norakoak ikertzeko, eta horri esker jakin ahal izan da non lurperatu zuten, Galdakaoko talde memorialistaren laguntzarekin. Iaz, urriaren 13an eta 14an, Aranzadi Zientzia Elkarteak aldez aurreko prospekzio-lanak egin zituen tokian bertan, eta, azkenean, lurpetik ateratzea ahalbidetu dute.

Ekitaldia

Gorpuzkiak familiari emateko ekitaldia Galdakaon, Elexaldeko hilerri ondoan, martxoaren 19 eguerdian egingo da.

Biografia

Pedro Asua Zubiaur (1916/03/13 Galdakao – 1938/02/07 Jaka) Izquierda Republicanari atxikitako Zabalbide batailoiko milizianoa izan zen. Atxilotu zutenean, Langileen Batailoietan derrigorrezko lanak egitera behartu zuten, lehenik Asturiasen eta ondoren Jakan. Salaketa batzuen ondorioz, Gerra Kontseilu batek epaitu eta heriotza-zigorra ezarri zion, eta Jakan fusilatu zuten 1938ko otsailaren 7an. ‘El eco de las descargas. Adiós a la esperanza republicana’ Esteban C. Gomezen liburuak Jacako hilerriko hobi batean fusilatu eta hainbat pertsona lurperatu izanaren inguruabarrak jasotzen ditu.

Pedro Elexaldeko (Galdakao) Aldatze baserrian jaio zen, gerra piztu zenean 20 urte zituela, postari lanpostu bat lortzeko ikasten ari zen Postetxean, eta bera eta bere bi ahizpa txikiak umezurtzak ziren aita-amengandik.