Oftalmologiako paziente kirurgikoentzako zirkuitu berriari esker, segurtasun klinikoa eta asistentziaren kalitatea hobeak dira eta prozesu kirurgikoa humanizatzen jarraitzen da

0

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak Oftalmologiako paziente kirurgikoentzako arreta-zirkuitu berri bat jarri du abian; hain zuzen ere, pazienteen harrerako unitate berri bat sortu du Oftalmologiako bloke kirurgikoaren ondoan.  Oftalmologiako pazienteen harrerako unitate berrian, pazienteak eta haien laguntzaileak artatzeko espazioa efizienteagoa eta seguruagoa da, eta kirurgia aurreko prestaketarako, kirurgiarako eta kirurgia ondoko zainketetarako behar den guztia dauka espazio integratu batean. Espazio horretan, pazientea eta haren laguntzailea pazientearen beraren segurtasunean inplika daiteke. Horretarako, informazioa hobetu da eta espazioa bera humanoagoa da, giro atsegin bat sortu baita. Neurokirurgiako pazienteak ere unitate berri horretan artatuko dira, horien operazio-gelatik gertu baitago. Gainera, zirkuitu berriari esker, pazienteen harrerako unitate orokorraren fluxua arinduko da. Beraz, hobetu egingo da pazienteak bloke kirurgikora sartzeko zirkuitua.

Espazio hori eta bertan egiten diren prozedurak diseinatzeko orduan, The Joint Comissionen sei nazioarteko segurtasun-helburuak betetzea hartu da aintzat. Hona helburuok:

  1. Pazientea zalantzarik gabe identifikatzea.
  2. Komunikazio eraginkorra.
  3. Arrisku handiko medikamentuen segurtasuna.
  4. Kirurgia edo prozedura segurua bermatzea.
  5. Osasun-arretari lotutako infekzioen arriskua murriztea.
  6. Erorikoen ondoriozko kalteen arriskua murriztea.

Horrez gain, minaren arreta lantzeko, The Joint Comissionen tratamendu-protokolo estandarizatuak eta hobetzeko arloak eta kalitate-estandarrak ditugu.

Zerbitzu Kirurgikoetako zuzendariorde mediko Ainhoa Epalzak dienez: «Espazio honetan, senidea pazientearen zainketetan eta segurtasunean inplikatu ahalko da; zehazki, kirurgiaren lateralitatearen markaketan lagundu ahal izango du. Esate baterako, eskuineko begiaren kataraten kirurgia bat programatuta baldin badago, segurtasun-maximetako bat da gune zuzena markatzeko prozedura egitea da. Profesional sanitarioek pazientearekin egiaztatu behar dute. Guk senidea ere inplikatuko dugu lateralitatearen markaketan; horrela, interbentzioren egiaztapen hirukoitza egingo da».

Oftalmologiako pazienteen harrerako unitate berriak dakartzan hobekuntzen artean, humanizazioak du garrantzi handiena. Pazienteak gehiago parte hartuko du bere prozesu kirurgikoan eta denbora gutxiago itxaron beharko du bai ingresuan bai altan. Gainera, espazio berriei esker, pazientearen intimitatea areagotuko da unitatean egongo den denbora guztian: pribatutasun eta erosotasun handiagoak izango ditu, eta kirurgiako eremura bidean ospitalean barrena ibiltzea saihestuko dugu.

Oftalmologiako pazienteen harrerako unitate berriak harrera bat –pazienteak identifikatzeko–, sei box –besaulkiak dituzte, senideentzat– eta pazienteak esnatzeko eta zaintzeko OGKU bat ditu. Gainera, operazio-gelako gai zikinen eta garbien lokala zaharberritu da, biltegi modernoago bat jarri da operazio-gelan, beirakara barneko interbentzioen gela berritu da (efikazia handiko iragazketako ingurumen-baldintzekin), eta profesionalei uniformeak eta eskalapoiak automatikoki emateko sistema bat sartu da. Obra horretarako, 690.000 euroko inbertsioa egin da.

Unitate berria egiteko, talde-lanean aritu dira Zerbitzu Kirurgikoetako Zuzendariordetza, Oftalmologia Zerbitzua, Anestesia eta Bizkorketa Zerbitzua eta Erizaintza Zerbitzua.  Haien iritziak jaso ditugu:

Nerea Martínez Aldayren aburuz: «Pazienteen harrerako unitate berriari esker, asistentziaren kalitatea hobetu egin da paziente asko ibili ohi diren patologia batean. Unitate berria Oftalmologiako kirurgiako eremuaren barruan dago eta, horri esker, pazienteen fluxu guztia asistentzia-eremutik gertuago dago, eta oftalmologioek, anestesistek eta erizainek zuzenean parte hartu dezakete prozesuan».

«Pazientea eta senidea gertu egon daitezke une oro. Senidea hor dago pazientea aldatzen denean, operazio-gelara sartzen den arte ere harekin itxaroten du eta pazientea operazio-gelatik ateratzen denean hura janzten ere laguntzen du, eta jarraibide guztiak zuzenean entzuten ditu».

«Bestalde, pazienteen harrerako unitatea OGKU bat ere izango da. Hau da, ordubete edo edo bi ordu geratu behar diren pazienteak –beren prozesu kirurgikoa dela-eta sedazio handia behar izan dutelako– kirurgiako eremu honetan egongo dira ere eta ez dira beste solairu batera joango».

«Funtsean esango nuke unitateak asko humanizatuko dutela prozesua, eta luze egongo dela gure artean. Kontuan izan behar dugu, seguru asko Oftalmologian egiten dela egunero paziente kopuru handiena dabilen kirurgia. 30 pazienteri egiten diegu kirurgia egunero. Arropa jantzi eta erantzi, prestatu, operazio-gelatik pasa, ebakuntza kirurgikoa egin eta atera; hori guztia egin behar da. Erritmoa konstantea da eta pazienteen harrerako unitatea gertu izan behar dugu, bai eta horren efikazia hobetu ere».

Mª Paz Martínez anestesistak ziurtatzen duenez: «Onuragarria da guretzako, noski. Orain, pazientearen balorazio anestesikoa egiten dugunean, operazio-gelan sartu baino lehen adierazi behar diogun probaren bat badago, gertuago dugu. Gero, operazio-gelatik ateratzen denean, konstanteak nola dauden ikus dezakegu, bai eta alta eman baino lehen nola dagoen jakin ere, OGKUari esker».

Orokorrean, pazientearekin batera gaude prestaketan, ebakuntzan eta kirurgiaren ondoren.  Gertuago dago eta eraginkortasun handiagoz jardun dezakegu.  Lehen, operazio-gelan geunden beste paziente batzuekin eta pazienteen harrerako unitatetik edo OGKUtik deitzen baziguten, zailagoa zen joatea».

Cristina Uriarte Oftalmologiako Operazio-gelako Erizaintzako gainbegiralearen ustez, ekipamendu berriaren abantaila nagusia bizkortasuna da: «Ez da gauza bera hemen dugun pazienteen harrerako unitate orokorreraino joatea gaixoen bila, eta ez dira gauza bera pazienteak beste zerbitzu batean tratatzea eta prozesu asistentzialean bertan. Han espezialitate guztiak daude; hemen, aldiz, gure bakarrik, eta neurokirurgiarena, gertu dagoelako. Uste dugu hobekuntza bat dela bai gaixoentzat bai profesionalentzat. Bada, profesionalen jarduera dinamikoagoa, eraginkorragoa eta efizienteagoa izango da».

«Interbentzioa egiteko behar dugun guztia dugu. Edozein arazo dagoela edo gaixoen zalantzaren bat dagoela –agian, lehen, dilatatuta egon gabe iristen ziren–, bada, lehen pazienteen harrerako unitate orokorretik egiten ziguten deia saihestu dezakegu orain. Operazio-gelaren barruan egongo garen profesional berberak gara.  Abantailak baino ez ditu».