Now is Africa ikasgelaren inaugurazioan Biocruces Bizkaian dauden bi emakumezko ikertzaile afrikarrek parte hartu dute

0

Mujeres por África Fundazioak Ellas Investigan programa abiarazi zuen 2014an, emakume afrikarren bidez kontinentea sustatzea eta garatzen laguntzea helburu hartuta. Helburua da emakumeei zientziarako eta teknologiarako sarbidea ematea, haien ikerketa-ibilbidean laguntzea, haien lorpenak ikusaraztea eta nazioarteko komunitate zientifikoan haien lidergoa sustatzea.

Gaur egun, programa 8. edizioan dago, eta 150 emakumezko ikertzaile afrikar baino gehiagok parte hartu ahal izan dute hasieratik atxikita dauden 29 ikerketa-zentroren sarean. Bizkaian, zentro kolaboratzaileak dira Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutua eta Kronikgune Osasun Zerbitzuen Ikerketa Institutua.

Biocruces Bizkaian 7 emakumezko ikertzaile hartu dira programaren hainbat ediziotan 2018az geroztik. Sudanetik, Egiptotik, Nigeriatik eta Tunisiatik datozen erreferentziazko profesionalek Institutuko hainbat talderen ikerketa-aurrerapenetan lagundu dute, bai eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko eta Bilbo-Basurtuko ESIko eta UPV/EHUko zentro atxikietan ere.

Kronikgune Institutuan 3 pertsonak parte hartu dute 2018az geroztik hainbat arlotako ikerketan, arreta integratuan, kronikotasunean, arreta integratuko ereduetan, e-Osasunean eta pazientea ardatz duten esku-hartze pertsonalizatuetan.

Otsailaren 21ean, Mujeres por África Fundazioaren egoitza berria inauguratu da Euskadin, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak (UNED) lagata. Now is Africa (Network of Women Innovating in Science in Africa) ikasgela berria Gasteizko zentroan dago, eta Fundazioak «emakumea eta zientzia» gaiari buruzko gune bat izango du.

Ekitaldiari hasiera emateko, Ricardo Mairal Usón UNEDeko errektoreak eta María Teresa Fernández de la Vega Mujeres por África Fundazioko presidenteak hartu dute parte. Gainera, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere izan dira: Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Nerea Melgosa Berdintasuneko sailburua. Alderdi zientifikoari dagokionez, Margarita del Val birologo, immunologo eta Afrikako Emakumeen Batzorde Zientifikoko kideak emakumeak arlo zientifikoan duen egoerari buruzko hitzaldia egin du. Ondoren, Afrikako lau emakumezko ikertzaileren arteko elkarrizketa bat moderatu du; Afrikako emakumezko zientzialarien lidergoa izan dute hizpide. Ehimwenma Sheena Omoregie (Biocruces Bizkaia); Sebah Ben Fredj Melki (Biocruces Bizkaia); Gloria Dada (Carlos III Osasun Institutua) eta Amira Kebir- (The Basque Center for Applied Mathematics) dira.