Donostiako Udala Lorategi Hiria eraikitzen hasteko izapideak amaitzen ari da

0
PRUEBA

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Herrera pasealekua, Marañon doktorea, Andoain kalea

Donostiako Udalak behin betiko argi berdea eman dio Loiolako Lorategi Hiria birzatitzeko proiektuari, Tokiko Gobernu Batzarrean onartuta.

Eneko Goia alkateak azpimarratu duen bezala, “izapide honekin Lorategi Hiria errealitate bihurtzeko azken urratsetako bat burutu dugu, eta, beraz, laster Erribera eta Loiola auzoak lotzen dituen hiri bilbea birsortu ahal izango dugu”.

Lorategi Hiria 66.896 m²-ko eremua da. Bertan 264 etxebizitza berri eraikiko dira (% 40 babestuak), eta 6.000 m² hirugarren sektoreko erabileretarako, ekipamenduetarako, kirol kantxetarako eta aparkaleku baterako erabiliko dira. Gainera, azaleraren % 42 berdeguneetarako izango da. Bide berriak ere sortuko dira, gunea ingurunearekin lotzen laguntzeko.

Eremua urbanizatzeko proiektua onartzeke dagoenez (datozen asteetan egitea aurreikusten da, eta 16.846.619 euroko aurrekontua du), inguruko enpresa sustatzaile nagusia hasia da aldez aurretiko lanak egiten, etxebizitzak lehenbailehen eraikitzen hasteko.

 

Herrera pasealekua

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Urbycolan, S.L.ri esleitzea Herrera pasealekuan, Harria Parkearen ondoan. Kontratua gauzatzeko epea 4 hilabetekoa da, eta aurrekontua 377.688 eurokoa.

Obra horien bidez, Herrera pasealekuko 49 eta 71 zenbakien artean dagoen sekzioa eta Harria parkea aldatuko dira, ingurune horretako irisgarritasuna hobetzeko.

 

Marañon doktorea

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Urbycolan, S.L. enpresari esleitzea Marañon doktorearen pasealekuan berrurbanizatzeko eta irisgarritasuna hobetzeko proiektuaren obrak gauzatzeko kontratua. Kontratua gauzatzeko epea 2 hilabetekoa da, eta aurrekontua 312.753 eurokoa.

Jarduketa eremua Aieteko pasealekuaren eta Erramondegi eraikinaren aurrean dagoen aparkalekuaren arteko tartea da. Aparkalekua berriro banatu eta berrantolatuko da, espaloietan eta txorkoetan egingo diren aldaketa berriekin bat etorriz.

Hurrengo proiektuan, espaloietako eta aparkatzeko eremuetako zoladurak berritzeko, zoladura eta espaloien aldaketekin bat datorren txorko jarraitua eraikitzeko eta dauden oztopo arkitektonikoak kentzeko beharrezko obrak jasotzen dira.

 

Andoain kalea

Tokiko Gobernu Batzarrak Andoain kalean ainguratutako horma egiteko proiektu berria onartu du, hormaren estradosean saneamendu kapitulu bat duena. Proiektu berriaren aurrekontua 737.729koa da, eta 4 hilabeteko gauzatze-epea du.

2023/02/28-an argitaratua