Gaur arte 42.519 pertsona inguruk eman dute izena Osakidetzako EPE-n

0

Eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da martxoaren 20ra arte 

7.639 plazarekin erakunde publikoaren historiako Enplegu Publikoaren Eskaintza handiena da

 

Ia 42.500 pertsonak formalizatu dute beren inskripzioa Osakidetzaren 2020-21-22 Egonkortze EPEn, eskainitako 110 kategorietakoren baten barruan, eskaerak egiteko epea ireki zenetik. Epea martxoaren 20ra arte egongo da zabalik Osakidetzaren webgunean. Azterketak datorren uda honetatik aurrera egingo dira eta 2023. urte honetan zehar.

Enplegu Publikoaren Eskaintza honek guztira 7.639 plaza jartzen ditu mahai gainean, eta horrek Osakidetzaren historiako prozesurik jendetsuena bihurtzen du enplegu publikoa egonkortzeari eta finkatzeari dagokionez. Horietatik, 6.082 plaza lehiaketa/oposizio sistemaren bidez eskaintzen dira, hau da, hautaprobak eginez, eta gainerakoetan sartzeko, 1.557, merezimenduak baloratuko dira.

Inskripzioa bakarra izango da, lehiaketa/oposizio blokeko plazak edo lehiaketakoak bakarrik lortu nahi diren kontuan hartu gabe, eta tasak behin bakarrik ordainduko dira. Osakidetzaren web-orrian gune bat prestatu da 20-21-22 EPErekin lotutako kontsulta guztiak egin ahal izateko, oinarri orokorrak eta espezifikoak ezagutzeko, eskuragarri dauden kategoriak kontsultatzeko edo deialdira aurkezteko eskaera egiteko. Webgunearen helbide hau da: https://www.osakidetza.euskadi.eus/profesionalak/-/enplegu-eskaintza-publikoa-ope-2020-21-22-egonkortzea/

 

Salbuespen gisa, inskripzioa bide telematikoen bidez egin ezin duten pertsonek presentzialki egin ahal izango dute leku hauetan: Donostiako Unibertsitate Ospitalean, Basurtuko Unibertsitate Ospitalean (Bilbo) eta Osakidetzako zerbitzu zentraletan (Gasteiz).