Aga Intelligentek sarraila adimendun berri bat garatu du sarbideen segurtasuna bermatzeko

0

Digitalizazioa sektore guztietara zabaldu da, baita sarbideen segurtasunean ere, non konektatutako produktuen eta zerbitzu digitalen gero eta eskari handiagoa dagoen. Horretaz jabetuta, Arrasateko Aga Intelligent konpainiak Vehoo merkaturatu du, etxebizitzara nor sartzen den denbora errealean kontrolatzeko gai den segurtasun aktiboko sistema integratzen duen sarraila adimenduna. 

“Garapen berri horrek segurtasun-plus bat gehitzen dio etxebizitza bateko atean jarritako sarrailari,” Gipuzkoako enpresatik ziurtatu dutenez. Tresnak, aparatu berean, itxiera gehigarri bat, kanpotik ikusezina, eta sentsore bat konbinatzen ditu. Sentsore horrek detektatu eta ohartarazi egiten du atearen gainean jarduten ari denean. 

Funtzionatzeko elementu bakarra behar da: Interneterako konexioa. “Gailua instalatu eta Internetera konektatuta gaudenean, lehen urratsa plataforma digitalean alta ematea da, gure erabiltzailearekin eta pasahitzarekin. Behin barruan, sarrailaren administratzaileak etxebizitzaren erabiltzaileak konfiguratu eta sailka ditzake rol desberdinen bidez, hainbat baimen emanez, gailuaren jarduera kontrolatuz eta monitorizatuz, etab.”, azaldu dute. 

Plataformarekin batera, Aga Intelligentek Android eta iOS sistemetarako erabilgarri dagoen app bat garatu du. Horrela, zehaztu dute, “erabiltzaileek urrunetik eta lokaletik ireki eta itxi dezaketela atea gailu mugikorretik, eta ohartarazpen-jakinarazpenak eta alarmak jaso ditzaketela atean edozein manipulazio detektatzen bada. Era berean, Bluetooth teknologia duen giltza elektroniko bat gehitu dute, gailu mugikorraren beharrik gabe irekitzea ahalbidetzeko. 

Soluzio hau 60 urte baino gehiagoz irekiera eta itxiera soluzioak fabrikatzen lortutako ezagutzaren eta esperientziaren emaitza da, baita BRTA aliantzako kide den Tekniker bezalako zentro teknologikoekin lankidetza estuan aritutakoa ere. 

SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Basque Industry 4.0, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.