Gobernu Kontseiluak Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen errolda sortzen duen dekretua onartu du

0

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eskatuta, Gobernu Kontseiluak gaur eman dio oniritzia Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen errolda sortzen duen dekretuari.

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legeak ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen errolda publiko bat sortu eta eguneratu behar du, eta beharrezkoa izango da errolda horretan inskribatzea euskal administrazio publikoekin lankidetzan aritzeko eta haiek bultzatzen dituzten sustapen-neurriak eskuratzeko, diruz lagundu daitezkeen programak barne direla.

Dekretu berri honek, errolda hori sortzeaz gainera, haren funtzionamendua arautzen du, eta, bereziki, inskribatzeko, eguneratzeko eta ezeztatzeko prozedurak ezartzen ditu. Era berean, ezartzen da errolda hori Boluntariotzako Erakundeen Erroldarekin koordinatuko dela. Zehazki, koordinazio horren esparruan, ezartzen da Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen erroldan inskribatuta geratzen diren erakundeak boluntariotzako erakundeen erroldan ere inskribatuta geratuko direla, beste izapiderik egin beharrik izan gabe.

Errolda Euskadiko hirugarren sektore soziala ezagutzeko, jakitera emateko, aztertzeko, planifikatzeko, antolatzeko eta sustatzeko tresna baliagarria izango da. Bestalde, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen erroldaren eta Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiaren arteko lankidetza ere aurreikusten da, errealitate sozialaren berri izateko, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan dauden hirugarren sektore sozialeko erakundeen kopurua eta osaera ezagutzeko.

Izena emateko izapidea bide elektronikotik bakarrik egin ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/servicios/10578.

Sei hilabeteko epea

Dekretuan ezartzen da erroldan inskribatuta egotea eskatuko dela euskal administrazio publikoek egiten dituzten dirulaguntzen deialdietan, dekretu hau indarrean jarri eta hurrengo sei hilabeteetatik aurrera.