Miren Elgarresta: «Zatiketak ez die mesederik egiten berdintasun-politikei»

0
  • Emakundeko zuzendaria berdintasunari buruz NBEk urtero antolatzen duen bilerarik handienean parte hartzen ari da egunotan
  • New Yorketik egindako elkarrizketa batean, bihar M8ko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du

Emakundeko zuzendaria, Miren Elgarresta, Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordearen (CSW67) 67. bilkura-aldian parte hartzen ari da New Yorken. Batzorde hori genero-berdintasunari eta emakumeen ahalduntzeari buruzko Nazio Batuen urteko bilerarik handiena da, eta aurten egiten ari da gai honen inguruan: “Berrikuntza eta aldaketa teknologikoa. Aro digitalean hezi genero-berdintasuna lortzeko eta emakume eta neska guztien ahalduntzea lortzeko”. New Yorketik Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, Elgarrestak denen artean helburu bakar baten alde egiteko deia egin du, izan ere, adierazi duen bezala, “zatiketak ez die mesederik egiten berdintasun-politikei”. Ildo horretan, bihar, Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Emakundek topaketa-agenda zabala du nazioarteko gobernu- eta gizarte-eragileekin egun hauetan, eta, Elgarrestak adierazi duen bezala, besteak beste, honako gai hauek eztabaidatzen ari dira horiekin: “gizonen eta emakumeen arteko arrakal digitalaz eta teknologietan oinarritutako harreman-modu berriaren bidez iristen zaizkigun mezuek zein nolako genero eragina duten”.

Atzo, Emakundeko zuzendariak inaugurazio-jardunaldian eta mundu digitalean giza eskubideak babesteko ekitaldi paraleloan parte hartu zuen. Bertan, emakume eta nesken eskubideak agertoki global digital berri batean babesteko moduari buruzko gomendio batzuk eman ziren. Era berean, Nazio Batuen Biztanleria Funtsaren (UNFPA) ordezkariekin bildu zen, lankidetza-guneak elkarrekin aztertzeaz gain, desgaitasuna duten emakume eta neskatoentzako funtsezko zerbitzuei buruzko WE DECIDE proiektuaren egoeraz aritzeko, Emakundek parte hartzen baitu proiektu horretan.

Gaur bi bilera egingo ditu NBE Emakumeak erakundeko ordezkariekin, eta etorkizuneko agenda feminista digitalarekin eta tokiko eta eskualdeetako gobernuen egunarekin lotutako hainbat ekitalditan parte hartuko du, besteak beste.

Euskadiko Estatu Batuetako Ordezkaritzaren lankidetzari esker ari dira topaketak egiten. Unai Telleria da ordezkaritza horren ordezkaria.