Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako URA-Uraren Euskal Agentziak eta Amurrioko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, Armuru errekaren 250 metroko tarte bat lehengoratzeko, zein hondakin-uren kolektore bat eta bidegorri bat eraikitzeko.
Armuru errekaren zati hori —Lexarraga eta Etxegoien kaleen artean dagoena— bideratua eta estalita dago, eta errekaren berezko emariak nahiz inguruko etxeetako hondakin-urak bertatik igarotzen dira.
Amurrioko Udalak saneamendu-proiektu bat du isurketa horiek biltzeko eta udal-sarera bideratzeko. Era berean, jarduketa horrek aukera ematen du oinezkoentzako eta bizikletentzako sarbidea erreka horren eskuinaldetik zabaltzeko.
Sinatutako hitzarmenaren arabera, bi administrazioek elkarlanean jardungo dute ibai-tartea lehengoratzeko eta ur beltzak biltzeko, saneamenduko udal-sarera bideratzeko. Halaber, aipatutako oinezkoentzako eta bizikletentzako sarbidea sortzeko aprobetxatuko da jarduketa.
URAk errekastoa lehengoratzeko eta finantzatzeko ardura hartu du, 350.000 €-rekin (BEZa barne), eta Udalak gauza bera egingo du 350.000 €-ko inbertsioarekin (BEZa barne), aipatutako saneamenduari eta hirigintza-egokitzapenari ekiteko. Lanak gauzatzeko epea 3 hilabetekoa da, esleitzen direnetik.
Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF 2021-2027) finantzatzen du proiektu hori.