Nerea Melgosak ‘Oroitzapen eta Aitorpenerako Koadernoak’ eman dizkie, epai bidez ebatzi ez diren ETAren biktimen hamaika familia gehiagori

0
  • 52 koaderno berri argitaratu ditu Jaurlaritzak, eta horietako hamaika gaur banatu dira, Villa Suso jauregian antolatutako ekitaldi hunkigarri batean
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak esan du “memoria duen etorkizuna nahi dugu, eta egiazko memoria izatea”
  • 1980an hildako Joaquín Becerra, José Ignacio Ustaran eta Juan de Dios Dovalen senideek hartu dute hitza

“Alfredo, José, Julio, Luis, Joaquín, Mario, Antonio, José Ignacio, Carlos, Juan de Dios eta Alfredo gogoratzen ditugu. Oroitzapen eta Aitorpenerako Koadernoen bigarren atal hau osatzen duten 52 hildako guztiei. Haien aurpegiak, begiradak, irribarreak gogoratzen ditugu. Gogoan ditugu beraien bizi proiektuak,  ilusioak, beraien ametsak. Gogoan izan behar ditugu bizitza horiek, ETAren terrorismoaren zentzugabekeriagatik galduak”, adierazi du Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, ETAren terrorismoaren biktimen 52 Oroitzapen eta Aitorpenerako Koaderno berrietatik hamaika emateko ekitaldian.

“Ez dago hilketa bat justifikatzen duen arrazoirik, ez kausa politikorik, ez ez-politikorik. Ez zegoen. Ez dago. Ez da egongo”, esan du Melgosak, bihar Terrorismoaren Europako Eguna dela eta, ETAren terrorismoaren biktimak eta terrorismoaren beste adierazpen batzuen biktimak gogoratu ditu. “Hilketa guztiak bidegabeak, guztiz bidegabeak izan direlako. Izan ere, terrorismoaren biktimen ama, emazte, alaba eta ahizpa guztiek zergatik galdera egin diote beraien buruari, negar egin eta min bera sufritu dute. Eta ziur nago guztiek etorkizun bera nahi dutela: indarkeriarik gabeko eta bakezko etorkizuna”.

Villa Suso Jauregian, Gasteizen, izan da gaur ekitaldia, eta biktimen hainbat senidek ere parte hartu dute: ekitaldian izan dira Adeli Becerra (ETAk 1980ko uztailaren 2an Amurrion hil zuen Joaquin Becerra Calventeren arreba), José Ignacio Ustarán (ETAk 1980ko irailaren 20an Gasteizen hil zuen Jose Ignacio Ustaran Ramirezen semea) eta Ruth Doval Inclan (ETAk 1980ko urriaren 31n Donostian hil zuen Juan de Dios Doval de Mateoren alaba). Hirurek lehen pertsonan kontatu dituzte beren bizipenak.

2021eko abenduan, txosten mota hauen lehen entrega bat egin zitzaien ETAko 86 biktimari. Nerea Melgosaren saileko Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzak prestatu ditu, Terrorismoaren Biktimen Elkartearekin lankidetzan. Oraingoan 52 dosier berri osatu dira.

Biktima horietako hamaiken senideek jaso dituzte koadernoak, Gasteizko hiriburuko Villa Suso Jauregian. Honako hauek dira: Alfredo Ramos Vazquez, 1980ko urtarrilaren 23an Trapagaranen hilda; Alfredo Díez Marcos eta José Martinez Pérez-Castillo, biak 1980ko otsailaren 1ean Ispasterren hildak; Luis Martos García, 1980ko apirilaren 16an Irunen hilda; Julio Santiago Expósito Pascual, 1980ko ekainaren 20an Sestaon hila; Joaquín Becerra Calvente, 1980ko uztailaren 2an Amurrion hila; Mario González Blasco, 1980ko abuztuaren 2an Eibarren eraila; Antonio García Argente, 1980ko irailaren 20an Markinan eraila; José Ignacio Ustarán Ramírez, 1980ko irailaren 29an Gasteizen eraila; Carlos García Fernández, 1980ko urriaren 7an Eibarren hilda; eta Juan de Dios Doval Mateos 1980ko urriaren 31an hilda.

“Memoria eta egiazko memoria duen etorkizuna nahi dugu. Biktimei begietara begiratu eta aldarrikatzeko aukera izatea: bidegabea izan zen, erabat bidegabea”, nabarmendu du gaur Melgosak aipatutako ekitaldian.

“Biktimekiko eta giza eskubideekiko nazioarteko zuzenbide humanitarioa lau zutabetan oinarritzen da: egia, justizia, aitorpena eta konponketa, eta ez errepikatzeko konpromiso kolektiboa (…) Egia da zuei ukatu egin zaizuena; egia da printzipio etiko gisa ez duela preskribatzen, guztiei interpelatu behar digu; egia da eskakizun moral bihurtzen dela horretan lagundu dezakeen ororentzat. Ez dugu amore emango ahaleginean eta eskakizunean”, eskatu du.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Jose Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, Monika Hernando Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria, Víctor López Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) lehendakariordea, Consuelo Ordoñez Terrorismoaren Biktimen Kolektiboko (Covite) presidentea, Tomás Caballero Martínez Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidentea, Aintzane Ezenarro Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria eta Enrique Ullibarriarana biktimen aholkularia.

Kuadernoak

Oroitzapen eta Aitorpenerako Koadernoak txosten batean jasotzen dute ETAren terrorismoaren biktima horiek nortzuk izan ziren, nola bizi izan ziren eta nola hil ziren, haien kasuak ebatzi gabe baitaude. Era berean, senideek Terrorismoaren Biktimen Elkartearen laguntzarekin emandako material grafikoa ere jasotzen du. Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak sinatutako dokumentu bat ere erantsi da. Dokumentu horretan, Eusko Jaurlaritzak biktimaren familiari egia eta justizia izateko eskubideari egiten dion ekarpen gisa aitortzen diola adierazi da. Hilketa bakoitzaren bidegabekeria ere azpimarratzen du. Testuak, amaitzeko, adierazten du memoriari eusteak antzeko zerbait berriro errepikatzea saihesten laguntzen duela.