Mugikorraren eta plataforma digitalen gehiegizko erabilera prebenitzeko proiektu batek adikzioen arloko jardunbide egokien Elkar Eginez saria jaso du

0

Osasun Sailak sortutako sariaren epaimahaiak aho batez aitortu du 2022-2024ko jardunbide onena Telmo Lazkano Muga irakaslearen No Phone Challenge proiektua, Donostiako Usandizaga Peñaflorida Amara Institutuko DBHko 4. mailako ikasleen artekoa  

Gaur goizean bertan Gotzone Sagardui Osasun sailburua izan da arlo horretan inplikatutako eragileek parte hartzen duten Adikzioen Euskal Kontseiluaren urteko bileran buru

 

Donostiako Usandizaga Peñaflorida Amara Bigarren Hezkuntzako Institutuko Telmo Lazkano Muga irakaslearen No Phone Challenge proiektuak Elkar Eginez saria jaso du, adikzioen arloan Euskadi 2022-2024ko jardunbide onentzat hautatua izan ondoren.

EHAAk gaur argitaratu du Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren ebazpena. Ebazpen horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2020an jardunbide onenak eta lau urtean behin arlo horretako ibilbide profesionala aitortzeko sortutako sarien epaimahaiaren erabakiaren berri ematen da.

Epaimahaiak aho batez aitortu du jardunbide onena No Phone Challenge proiektua. Bere helburua da aipatutako ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasleen artean telefono mugikorraren eta plataforma digitalen gehiegizko erabilera prebenitzea, sare sozialekin harreman osasuntsuagoa lortzea eta eguneroko erabilera nabarmen murriztea ekarri duena.

Epaimahaiak, gainera, aipamen berezia egin dio Ekintza Aluviz elkarteari, “La prevención escolar del abuso del juego de apuestas ¿Las apuestas tienen truco?” bere proiektuagatik, helburu duena nerabeen eta gazteen artean jokoaren prebalentzia murrizten laguntzea.

Sari horiek datozen hilabeteetan egingo den ekitaldi batean banatuko dira, eta Euskadin 2016an onartu eta Estatuan aitzindaria den Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legetik sortuak dira, euskal erakundeek adikzioen prebentzioan eta adikzio horiek dituzten pertsonen arretan egiten duten lana ikusarazteko.

Hain zuzen ere, gaur goizean bertan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aintzatespen horien berri eman du Adikzioen Euskal Kontseiluaren urteko bileran. Sagardui buru duen kontseilu hori adikzioen arloan parte hartzeko eta koordinatzeko organoa da. Bertan, prebentzioaren eta laguntzaren arloko fundazioak eta erakundeak daude ordezkatuta; erakunde publikoak (Eusko Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritzako sailak, udalak eta aldundiak); unibertsitatea; droga-kontsumitzaileen eta ludopatiak eta portaera-adikzioak dituzten pertsonen elkarteak; gaian adituak diren pertsonak, eta arlo horretan eragina duten beste agente batzuk.