Hamar udalerrik haurrek eta nerabeek tokiko agendan eta politikan parte hartzea bultzatzen duen HaurEkin sarearekin bat egin dute

0
  • Nerea Melgosak nabarmendu duenez «haurrak eta nerabeak subjektuak dira, jada ez dira babesaren onuradun bakarrik, eskubideen defentsan subjektu aktiboak ere badira»

Azken asteotan hamar udalerrik HaurEkin – Haurren Hiri eta Herrien Euskal Sarearekin bat egiteko prozesua hasi edo amaitu dute. Hauek dira, hain zuzen: Araban Gasteiz, Agurain eta Bastida; Bizkaian Abadiño, Barakaldo, Portugalete eta Sondika; eta Gipuzkoan Beasain, Soraluze eta Urretxu. Sare hori haur eta nerabe parametroa edo ikuspegia tokiko agenda edo politika publikoan txertatu nahi duen Eusko Jaurlaritzaren proposamena da.

Hamar horiek bat egin dute lehendik Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin batera sarea bultzatzen zuten 16 udalerriekin: Arrasate, Tolosa eta Zumaia (Gipuzkoa); Zornotza, Bakio, Balmaseda, Bilbo, Derio, Durango, Erandio, Ermua, Galdakao, Gatika, Larrabetzu, Leioa eta Sopuerta (Bizkaia).

Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta Iban Rodríguez, Leioako alkateak, Lakuan bat-egitea eszenifikatu duten udalerri horien ordezkaritza instituzionalari ongietorria eman diote.  Leioa gai horretan udalerri aitzindarietako bat da eta bertako alkateak, Iban Rodríguezek, kideen aurrean bere udalerrian eman dituzten aurrerapausoak azaldu ditu.

Melgosa sailburuak honen garrantzia azpimarratu du: «haurrak eta nerabeak subjektuak dira, jada ez dira babesaren onuradun bakarrik, eskubideen defentsan subjektu aktiboak ere badira (adinaren eta garapen-mailaren arabera)». «HaurEkinek eskubide hori gauzatzea bilatzen du. Euskal erakundeok haur eta nerabeak beren eskubideen titular aitortzen ditugula adierazten duen beste froga bat da», nabarmendu du.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak denbora luze darama haurrek eta nerabeek parte hartzeko mekanismoak nola sustatu bilatzeko lanean. Eta Melgosak argudiatu duenez lan horretan bada argi duten premisa bat, «entzute aktiboa tokiko esparruan hasi behar da, haurren eta nerabeen inguruko guneetatik abiatuta. Bizi eta jolasten diren eta harremanetan jartzen diren udalerritik abiatuta».

Horrela, tokiko mailan hainbat organo egonkor ezartzeko zenbait gidaritza martxan jarri eta Euskal Herriko Unibertsitatea, Innobasque edo UNICEF bezalako beste eragile batzuekin eta udal ugarirekin lankidetza izan ondoren, Melgosak zuzentzen duen sailak Haurren Hirien Sarea proiektua HaurEkinen, Haurren Hiri eta Herrien Euskal Sarean, txertatu zuen. Orain HaurEkin Eusko Jaurlaritzaren Familia eta Haurren Zuzendaritzaren menpe dago.

Sarean

Sarean dauden udalerriek konpromezu hauek hartu dituzte:

  • Politika publiko guztietan haurren eta nerabeen eskubideak txertatzea.
  • Sarearen topaketa teknikoetan eta kudeaketa-topaketetan parte hartzea.
  • Gainerako udalerriekin esperientziak eta jakintzak partekatzea (agiriak, hedatzeko materiala, ekiteko ideiak…).
  • Epe motzean HaurEkinen esparruan gutxienez Umeen kontseilua / Consejo de la infancia mekanismoa garatzeko konpromisoa hartzea.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak sarean lan egitearen garrantzia azpimarratu du eta hori eskaintzen du, hain zuzen, HaurEkin sareak, «elkarlanean aritzea, partekatzea eta ekintzak garatzea ahalbidetzen duen sare bat».

Sareak gehitu diren udalerriei honako hau eskaintzen die: proiektuen diseinuan edota egokitzapenean tutoretza- edota laguntza-zerbitzua, gehitutako udalerrietako arduradun politiko eta teknikoekin topaketak egitea, urteroko topaketa batean parte hartzea eta esperientziak zabaltzea, gune komun bat, eta La Citta Dei Bambini nazioarteko sarearekin topaketak eta lotura.

Izan ere, sarearen oinarri filosofikoa Francesco Tonucciren La Citta Dei Bambinin ardazten da. «Haurrei dagokiena»ren parametroa tokiko politikan txertatzearen alde egiten duen proiektu politikoa da. Gure harremanak, baliabideak, gune komunak eraldatzea helburu duen proposamena da gure herri eta hirietan konfiantza eta autonomia baldintzak, parte-hartze baldintzak eta osasun-baldintzak berrezarriz.

Ekitaldian izan dira, beste batzuen artean, Barakaldoko alkate Amaia del Campo; Abadiñoko alkate Mikel Garaizabal; Aguraingo alkate Ernesto Sainz Lanchares; Bastidako alkate Laura Pérez; Urretxuko alkate Jon Luqui; Barakaldoko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa zinegotzi Nuria Rodriguez; Boni Cantero, Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saileko zuzendaria;  Sondikako zinegotzi Alaitz Zabala, eta Urretxuko Gizarte Ekintzako zinegotzi Maialen Fidalgo.