Garamendik “sorgin ehiza” salatu du Jaurlaritzaren aurka, eta nabarmendu du Eusko Legebiltzarrak proposatu eta onartu egin zuela kargu ohiak enpresa pribatura organo independente baten bidez igarotzeko legezko tresna

0

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak azken egunotan enpresa pribatuan sartu diren Eusko Jaurlaritzako kargudun publiko ohien hainbat kasutan ‘ate birakariak’ direlakoei buruz egin eta argitaratu diren salaketen aurka egin du. Olatz Garamendik azpimarratu du bateraezintasunak ebazteko ardura duen organoa autonomiaz ari dela, eta salatu du, interes orokorrarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, badagoela sistema osoa alde batera utzi nahi duenik eta Gobernu osoari zuzenean erantzukizun politikoak eskatu nahi dizkionik, eta horrenbestez ez dagoela inolako “sorgin-ehizarako” lekurik.

Azpimarratu duenez, Eusko Legebiltzarra bera izan zen, adostasun zabalarekin, jarduera pribatuan sartuko diren kargudun publiko ohien interes gatazka eta bateragarritasun egoerei aurre egiteko legezko tresna bultzatu zuena. Legegileak Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazken Kodea arautzen duen 1/2014 Legea onartu zuela gogorarazi ondoren (geroago, 2016an, Dekretu baten bidez garatu zen), Sailburuak adierazi du arauak zehazten duela Langileen Erregistro Zerbitzua dela interes gatazken espedienteak kudeatzeko ardura duen organo bakarra.

Hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrak izendatu zuen Langileen Erregistroa, erabateko autonomiaz ardura zedin bateragarritasun espedienteetan inplikatutako gaiak kudeatzeaz eta kargu publikoek gai horri buruz zituzten betebeharrez.  Erregistroko langileek isilpean gorde beharko zuten beren eginkizunak betetzean ezagutzen dituzten datuak.

Argudio horri helduz, Garamendik azaldu du indarrean dagoen araudiak bermatzen duela “datuen tratamendua eta analisia organo tekniko baten mende geratuko direla, erabateko autonomiaz”. “Organo horren buru funtzionario publiko bat izango da, eta organo horrek erabakiko du izapidetzen diren espedienteen ebazpen proposamena Sailburuari aurkeztuko dion ala ez, sinatzeko”, erantsi du.

Garamendik agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean, Voxek hala eskatuta. Eusko Jaurlaritzako bost goi-kargudun ohiri enpresa pribatuan lan egiteko emandako baimenei buruzko azalpenak eskatu dizkio Sailburuari. Legebiltzarkideen aurrean egindako agerraldian, Garamendik, Funtzio Publikoko Sailburuorde Jose Maria Armentiarekin batera, funtzionarioekiko errespetua eskatu du, kasu honetan kargu publiko ohien bateragarritasun erregimenaren jarraipenaz arduratzen direnetaz, baita Euskadin kargu publikoak bete duten eta betetzen ari diren pertsonekiko ere. Izan ere, sektore batzuetatik, susmopean jarri dituzte eta ‘ate birakariak’ deritzotenaz baliatzea leporatu zaie.

Indarrean dagoen Legea baliatuta, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko arduradunak ukatu egin du, zenbait esparrutan adierazi den bezala, kargudun ohiek debekatuta dutela pribatuan lan egitea kargua utzi eta hurrengo bi urteetan. Ildo horretan, adierazi du 1/2014 Legean jasotako debeku bakarra dela kargu publikodunak aurreko jardunean “zuzeneko harremana” izan duen enpresa pribatuan sartu ezin izatea. Argitu duenez, “ez da egia Legeak kargu bat uzteko debeku orokorra ezartzen duenik enpresa pribatu batean lan-merkatuan sartu ahal izateko”.

Era berean, ukatu egin du Legeak enpresa pribatuan sartzea eragozten edo debekatzen duenik Langileen Erregistroak erantzun arte. “Legeak dio enpresa pribatu batean sartzeko asmoari buruzko zerbait eskatzen ez bazaio edo jakinarazten ez bazaio, enpresa pribatuan sar daitekeela”, adierazi du. Ildo horretan, zehaztu du Langileen Erregistroak ebazpen proposamenik egin ez izanak ez duela zertan ekarri aldeko tratu iluna ematea.

Garamendik Eusko Jaurlaritzak administrazio publikoaren gardentasunaren alde duen konpromisoa azpimarratu du, eta hain zuzen ere gardentasun horri esker orain ari da gaiari buruz kontu ematen. «Hori, berez, Jaurlaritzak gobernantza onaren garbitasunarekin duen konpromisoaren sintoma bat da” esan du.

Amaitzeko, Sailburuak gogoeta bat proposatu du gai honen inguruan, epe laburreko interesetik kanpo: «Kargu publikodunak bere arloan ahalik eta onenak eta hoberenak izatea nahi badugu eta erantzukizun hori beren gain hartuko badute; gainera, pertsona horiek, ez bakarrik kontrol politikoa behar bezala gauzatzearen mende jartzen baditugu, baizik eta erabateko ardura eta iritzi publikoaren mende jartzen baditugu; eta, azkenik, pertsona horiei debekatzen badiegu dagokien eremuan edo sektore pribatuko beste edozein esparrutan lan egitea». Zein eratako eremu bihurtu nahi duzue zuek Administrazio Publikoa? «.