Donostiako Udalak herritarrei kontu emango die webguneko atal berri baten bidez

0

Donostiako Udalak Kontu Emate atal berria jarri du abian webgunean. Bertan kontsulta daiteke legealdi honetako Gobernu Planeko 42 proiektu garrantzitsuenen egoera.

Juan Ramón Viles Gobernantzako zinegotziak nabarmendu duenez, “gobernu taldeak gardentasunarekin duen konpromisoaren barruan kokatzen da proiektu hau, haren kudeaketari buruzko informazioa publiko eginez eta azken lau urteetan abian jarri diren proiektu estrategikoen egoera herritarrei erakutsiz”.

Izan ere, 2019-2023 aldirako Udal Gobernuaren Planaren erronketako bat da herritarrei kontu emateko sistema egoki bat eskaintzea, planek eta zerbitzuek webgunean presentzia sendoa eta eguneratua izan dezaten.

 

Ardatz estrategikoak

Kontu ematea proiektu estrategikoen egoerari buruzko informazioa da, baita inpaktura bideratutako eta Gobernu Programaren ardatz estrategikoei lotutako adierazleei buruzkoa ere.

Hala, 2019-2023 Gobernu Planak 10 ardatz estrategiko, 56 helburu eta 559 jarduera jasotzen ditu:

1. Kalitatezko enplegua eta garapen ekonomikoa
2. Gizarte kohesioa
3. Etxebizita eta hirigintza
4. Gizalegezko baloreak eta Giza Eskubideak
5. Erreferentziazko hiria euskararen, kulturaren, sorkuntzaren eta aniztasunaren sustapenean
6. Hiri jasangarria
7. Hiri irisgarria, garbia eta zaindua
8. Lurralde oreka eta kohesio jasangarria
9. Hiri osasungarria
10. Gobernu ona

Gainera, 40 adierazle identifikatu dira, 10 ardatz estrategiko horietan udal ekintzak izan duen eraginari buruzko informazioa emateko.

 

Proiektuen egoera

Laburpen moduan, udal webgunearen atal honetan Gobernu Planean nabarmendutako 42 proiekturen egoerari buruzko informazio zehatza jasotzen da (23 hiri proiektutzat hartu zirenak, eta 19 Partaidetza Zerbitzutik herritarrentzat interesgarritzat jotzen direnak).

Zerrenda hori ardatz estrategikoen eta hiriko auzoen arabera kontsulta daiteke. Ardatz estrategikoen araberako ikuspegian, ardatz bakoitzean onartutako zerbitzu kartak ere ikus daitezke. Zerbitzu karta hauek udal zerbitzuetan hartutako konpromisoen jarraipena erakusten dute.

Horrela, donostiarrek klik batean ezagutu dezakete Bus Elektriko Adimendunaren ezarpena, Bretxako merkatuan esku hartzea, Talent House II edo Eskusaitzetako poligonoa bezalako proiektuen egoera.

2023/03/16-an argitaratua